argia.eus
INPRIMATU
Laudioko Lamuza Eskolako umeentzako janaria “ezin dela jan” salatu dute gurasoek
  • Lamuza Eskolako Guraso Elkarteak eskutitza bidali dio Hezkuntza Saileko Sailburu Jokin Bildarratzi jakinarazteko ikastetxeko umeak kexu direla janariaren kalitate eskasagatik. Gurasoek nabarmendu dute bazkaria Logroñon prestatzen dutela eta 120 kilometro garraiatzen dutela Laudiora heldu baino lehen.

Aiaraldea @aiaraldea Aitor Aspuru Saez 2023ko irailaren 21
Argazkia: Aiaraldea

Lamuza Eskolako Guraso Elkarteak, ikastetxeko familia guztien izenean eta zuzendaritzako arduradunen eta jantokiko langileen babesarekin, eskutitza bidali dio Jokin Bildarratz Hezkuntza Sailburuari. Testuaren helburua eskolako catering zerbitzuaren kalitate eskasa salatzea izan da, zentroak ez baitu sukalderik.

Ikasleen senideek zabaldu dute, nahiz eta ikasturtea hasi berri den, umeen artean gero eta ohikoagoak direla kexak janaria ez delako goxoa eta "ezin delako jan". Ikastetxeko jantokiko arduradunak eta zuzendaritzak berretsi dituzte umeen iritziak.

Halaber, gurasoek gonbidatu dituzte Hezkuntza Saileko arduradunak bazkaria dastatzera, "zaporea subjektiboa dela argudiatu baino lehen".

Logroñon prestatzen dute bazkaria

Familien aburuz, arazoaren iturburua da Eusko Jaurlaritzak irizpide ekonomikoak lehenetsi dituela zerbitzua esleitzean eta, ondorioz, enpresa merkeenaren esku utzi duela lana.

Hain zuzen, enpresa horrek Logroñon prestatzen du bazkaria, eskolatik 120 kilometrora, eta gurasoek azpimarratu dutenez, "ez da ikerketa sakonik egin behar, enpresaren izena Interneten idatzi besterik ez, jakiteko beste Autonomia Erkidegotan ezaguna dela eskaintzen duen zerbitzu eskasagatik".

Eskola publikoaren kontrako enegarren erasoa

Gauzak horrela, Lamuzako Guraso Elkarteak testuinguru zabalagoan kokatu du catering zerbitzuaren gatazka: "Egungo politikek, ekintzen bidez edo ez-egiteen bidez, sistema publikoa desegiten dute, itunpeko ikastetxeak diru publikoarekin indartzen jarraitzen dituztelarik".

Gogoratu beharra dago arazoak eta talkak ugaritu egindirela azken urteotan Aiaraldean hezkuntza publikoaren esparruan. Zabaleko Eskola ixteko asmoa, Aretako Eskolako gelen itxiera edota garraioa ere izan dira mobilizazioak eragin dituzten egoerak.