Herriko obra batzuk direla eta, egoitzatik ateratzeko agindua jaso dute. Gainera, gaztetxeko kideek argitaratutako testuan azaltzen dutenez, ez die bermatu berriz itzuliko direnik, "ezta ordezko leku bat eskaini ere".
Laudioko Gaztetxetik aterarazteko agindua jaso dutela jakinarazi dute bertako kideek. Urrian Lamuza plazako obrak hasi zituzten, eta inguruaren birmoldaketa prozesuak gaztetxearen eraikinari eragin dio, azaldu dutenez. Gaztetxea urtarrilaren 7an desalojatuko dutela iragarri dute, eta gaineratu Laudioko Udalak "argi utzi ziela ez zuela bermatuko bertara berriz bueltatzerik".
Azaroaren 18an bildu ziren bi aldeak, baina emaitza bera izan zen: aterarazteak aurrera jarraituko duela. Gazteek salatu dute bat-bateko erabaki hau: "18 urte eta gero, egun batetik bestera kalean utziko gaituzte". Hustutze agindu hau eskualdean gazteek bizi duten egoera gogorraren testuinguruan jarri dute gaztetxekoek: "Gertakizun hauek guztiak ezin dira era isolatuan ulertu, ezta gaztetxeko desalojoa ere, zeinetan langileon interesen aurkako eraso bortitzak gauzatzen ari diren, soilik klase borroka terminoetan kokatu daitezkeenak".
Erabakiak salatzeko eta gaztexeari elkartasuna adierazteko elkarretaratzera dei egin dute. Datorren abenduaren 4an izango da bilkura, 18:30ean, gaztetxe aurrean. Hona hemen Laudioko Gaztetxeak argitaratutako idatzia: