Laudioko Gaztetxearen kaleratzearen ondorio ekonomikoei aurre egiteko elkartasun jaialdiak antolatu dituzte Orbeko Etxean, Zazpi Katu Gaztetxean eta Gasteizko Gaztetxean. Ertzaintzak 'mozal legea' ezarri zien sei gazteri ekainaren 13ko protesten harira, 4.000 euroko isunak guztira.
Laudioko Gaztetxeak eta sortu berria den Defentsa Komunitateak elkartasun jaialdiak antolatu dituzte datozen asteetan Laudioko Orbeko Etxean, Bilboko Zazpi Katu Gaztetxean eta Gasteizko Gaztetxean.
Ekainaren 13an gaztetxearen hustearen aurkako mobilizazioen ondotik Ertzaintzak 'mozal legea' ezarri zien protestan zeuden sei gazteri. Gazte bakoitzak 700 euroko isuna jaso du, 4.000 euro guztira, eta horri aurre egiteko antolatu dituzte kontzertuak.
Orbeko Etxean antolatu dute hiru elkartasun jaialdietatik lehena. Urtarrilaren 21ean izango da hitzordua, 21:00etatik aurrera. Ukabil, Rodeo eta Habemus Papam taldeak arituko dira. Sarrera lau eurokoa izango da, eta bildutako diru guztia isunak ordaintzera bideratuko dute.
Honakoa ez da isundutako gazteen alde Orbeko Etxean antolatzen den lehen jaialdia. Azaroaren 25ean, Laudioko Gazte Egunaren bezperan, Jipis Atomicos, Garena eta Build A Bomb taldeekin antolatu zituzten dirua biltzeko kontzertuak.
Otsailaren 2an eta otsailaren 9an izango dira gainerako hitzorduak, Bilbon eta Gasteizen, hurrenez hurren. Datozen asteetan iragarriko dituzte bi jaialdi horietan arituko diren musika taldeak.