2019ko otsailean jazo ziren gertakariak. Auzipetuak mehatxuak egin izana frogatutzat jo du Amurrioko Epaitegiak ekainean egindako epaiketan, eta zigortu egin du.
Ekainaren 17an gauzatu zen epaiketa, eta ekainaren 30ean jakinarazi zien epaia bi aldeei Amurrioko Epaitegiak: frogatutzat jotzen zuen Ibon Aiz akusatuak EH Bilduko udal ordezkariak mehatxatu izana. Auzipetuak berak ere onartu egin ditu leporatzen zitzaizkion ekintzak, eta epaileak zigortu egin du.
Mehatxuak 2019ko otsailaren 19an eta 20an egin zizkien Aizek EH Bilduko kideei. Besteren artean, ondoko mezuak helarazi zizkien: “Teloia altxatu eta herri guztia zure kontra goaz, zure sasikume familia puta guztiaren kontra”, “Agintaldia ez duzue bizirik amaituko. Zuen bila goaz, sasikumeak”, “Soka eta kamarotea. Kanpora ja”.
Epailearen aburuz, arrazoi ideologikoengatik 20.4 artikulua aplikagarria zaio auzipetuari.
Gertaeren aurrean isilik mantendu izana leporatu dio EH Bilduk EAJri. “Ander Añibarrok eta bere alderdiak, EAJk, isiltasuna baliatu izan dute udalbatzako kide izan zirenek egindako salaketei erantzuteko. Eta hori guztia, mehatxuen egileari eta honen inguruari kalterik ez egiteko, noski”, egin du irakurketa alderdiak.