13 heriotza kontatu dituzte Aiaraldeko udalerri populatuenean. Asviamiek mozioa aurkeztuko du Laudion eta zerrendako lehen 10 postuetan agertzen diren Euskal Herriko udalerrietan.
Laudio 9. postuan dago amiantoak eragindako heriotza gehien biztanleko pilatzen dituzten Espainiar Estatuko udalerrien zerrendan, 13 heriotzarekin (70 guztira 100.000 biztanleko).
Hala jakinarazi du Asviamiek prentsa ohar baten bidez. Elkarteak azaldu duenez, Moncloa.com egunkari digitaleko kazetariek egin dute ikerketa, Europako bederatzi herrialdeetako profesionalekin elkarlanean.
Minbizia sortzen duen material horren aurka lan egiten du Asviamiek, eta nabarmendu du lehen hamar postuetan dauden udalerrietako 6 direla Euskal Herrikoak: Beasain bigarren postuan dago, Sestao hirugarrenean, Santurtzi bosgarrenean eta Barakaldo zazpigarrenean. Portugalete, aldiz, Laudioren ondoren dago, hamargarren postuan.
Elkarteak salatu du Euskal Herri osoan 748 heriotza erregistratu direla jadanik, eta 7.622 Espainiako Estatuan, azken 20 urteetan.
Amiantoaren erabilera 2001ean debekatu zen Europar Batasunean, baina Asviamiek gogoratu du hiri eta herrietatik ez dela oraindik material hori kendu.
Gauzak hala, elkarteak mozioak aurkeztuko ditu zerrendan agertzen diren sei udalerrietan, Laudio barne. "Udal erakundeek beharrezko neurriak hartu behar dituzte 7/2002 Legea bete eta eraikin publikoetan dagoen amiantoa 2023ko apirilerako lokalizatua izateko, 2028a baino lehen kentzen hasteko".