Donostiako Mugimendu Feministak martxoaren 8ko greba feministan antolatutakoaren berri eman du ostiralean, Donostiako Emakumeen Etxean egindako prentsaurrekoan. Emakumeok* planto grebaren antolakuntzako kideek dei egin diete emakume guztiei “beren mina eta amorrua, lanak, eskaerak eta gorputzak ikusarazi”, eta muga guztiak gaindituko dituen greba feministarekin bat egin dezaten.
Grebara ateratzeko “motiborik” ez dela falta esan dute: “Eredu ekonomiko kapitalista eta neoliberal honek zapaldu egiten gaitu, kultura patriarkal honek baztertu eta objektu estereotipatu bilakatzen gaitu, gizonezkoek emakumeok gutxietsi, jipoitu, eta erailtzen gaituzte”.
Horregatik guztiagatik, eskatu dute emakumeek grebarekin bat egin dezaten, modu batera edo bestera: mobilizazioetan parte hartuz, zaintza eta ugalketa lanak ez egiten, besoko morea janzten edota balkoietan amantalak eskegiz. Bestalde, egun horretan ez kontsumitzeko deia egin dute, bereziki “enpresa eta merkataritza gune handietan”.
Martxoaren 8ko arratsaldeko mobilizazioan, lau zutabe aterako dira, bakoitza hiriko leku batetik: lan, ikasketa, zaintza eta kontsumo zutabeek Boulevard-en egingo dute bat, eta ekitaldi nagusia egingo da bertan.
Asteburu honetako ekintzak
Martxoaren 8aren aurreko beroketari jarraipena eman nahi dio mugimendu feministak, eta astebururako ekintzak antolatu ditu:
Larunbatean, martxoaren 3an, "Kaleak eta grebak gureak dira. Emakume* langileen borrokei buruzko irakurketa ibiltaria" egingo da, 12:00etan San Martin merkatutik abiatuta. Irakurketa eta performance-ak egingo dira Donostiako kaleetan zehar.
Igandean, Lilatoian, korrikalari zein ikusleei grebaz informatzeko argibideak eman eta bat egiteko dei egingo diete.
Martxoaren 8ko ekintzen egitaraua
Ikasleen zutabea: Ibaetatik, 19:15ean.
Soldatapeko lanen zutabea: Egiako Justizia Jauregitik, 19:30ean.
Zaintza lanen zutabea: Groseko Anbulategitik, 19:30ean.
Kontsumo zutabea: San Martin merkatalgunetik, 19:35ean.
Zutabe bakoitzak hura ezaugarritzen duten zenbait elementu eta ikur eramango ditu. Eta guztiek bat egingo dute ibilbidean, eta amaieran, Boulevardean.
Eta gizonezkoek zer?
Gizonek badutela zeregina esan du mugimendu feministak: zaintza lanez arduratu, lankide emakumezkoen greba eskubidea babestu eta enpresa handietan kontsumoa mugatu, besteak beste. Arratsaldeko mobilizazioetan ere parte hartu ahal izango dute, baina “lehen lerroan egon gabe” eta “emakumeak zuzendu gabe”.