argia.eus
INPRIMATU
Lau urteko kartzela zigorrera kondenatu dituzte Galder Barbado eta Aitor Zelaia
  • Amurrioko Galder Barbado eta Gasteizko Aitor Zelaia gazteei lau urteko espetxe zigorra ezarri die Espainiako Auzitegi Nazionalak. “Armak eta munizioa gordetzea” eta “helburu terroristarekin substantzia eta gailu lehergarriak gordetzea eta horiekin trafikatzea” leporatu diete.

ARGIA @argia 2021eko otsailaren 02a

Barbado eta Zelaiaren defentsek epaiari helegitea jartzeko aukera dute orain, Auzitegi Nazionalean.

Ángela Murillo izan da epailea, ezaguna Euskal Herrian, besteak beste 18/98 auzian izan zuen rolagatik eta 2017an esan zuelako ez zuela ETAren armagabetzea sinesten. Fiskala ere ez da ezezaguna gurean: Altsasuko gazteen kasuan aritu zen José Perals.

Gazte arabarrak duela bi urte atxilotu zituzten, material lehergarria zuen bidoi batekin harremana izatea egotzita. Sei hilabete izan ziren kartzelan, eta ordutik baldintzapeko askatasunean dira.

"Epaitzen dena da gure militantzia politikoa: ezker abertzalean zer paper izan dugun, zein ekitaldietan egon garen, norekin... Urtetan kozinatu duten operazioa dela erakusten du txostenak" kontatu zuen ARGIAn Galder Barbadok berak, auzia hasi baino egun pare bat lehenago.

ANkerkeriari Stop!

Auzia abiatu bezperetan, ANkerkeriari Stop! plataforma jaio zen, Barbado eta Zelaiari babesa adierazteko asmoz. Plataformak deituta, mobilizazioak egin dituzte, baita atxikimendu kanpaina bat ere. Absoluzioa ez den beste epairik ez dutela onartuko aldarrikatua dute plataformako kideek.