argia.eus
INPRIMATU
Lau urteko espetxe zigorra ezarri diote Irungo irakasle bati, Txingudi Ikastolan ikasle bati sexu abusua egiteagatik
  • Lau urteko kartzela zigorra, zazpi urteko inhabilitazioa eta hiru urtez 12 urteko biktimarengandik urruntzeko agindua eman du Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak. Neskari 6.000 euro ere ordaindu beharko dizkio erasotzaileak kalte-ordainetan.

Eneko Imaz Galparsoro 2025eko otsailaren 18a
Irungo Txingudi ikastola. Ehige

12 urteko ikasleak deklaratutakoaren arabera, 2016-2017 ikasturtean egin zion sexu abusua: jangela orduan erasotzailea lau neskato zaintzen ari zen gela batean. Lau ikaslerentzako mahai batean eseri ziren marrazkiak egiteko, eta, une batean, irakaslea adingabearen ondoan eseri zen eta "masturbatzen hasi zen", eskolara itzultzeko tinbreak jo zuen arte.

Biktimak ez zuen berehala salatu sexu erasoa, 2021. urtean baizik. Ikastolan irakaslea ikusteak bultzatu zuen neskatoa lau urte lehenago gertatutakoa gurasoei azaltzera, irakasleak beste neska batzuekin "berbera egin ez dezan" saihesteko. Biktimaren gurasoek kasua Hezkuntza Inspekzioan salatu eta egun batzuetara kanporatu zuten erasotzailea bere lanpostutik.

Halaber, iazko abenduaren 11n amaitutako epaiaren sententzia ez da behin betikoa, EAEko Justizia Auzitegi Nagusian helegitea jartzeko aukera baitago, are gehiago, erasotzaileak epaiketan zehar akusazio guztiak ukatu eta absoluzioa galdegin dituela kontuan izanda. Adin txikikoei eginiko sexu erasoei dagokionez, aurrekariak ditu Irungo irakasleak: duela hogei urte delitu berarengatik epaitu zuten, baina kasu hartan absolbitu egin zuten.

Haurren aurkako sexu erasoen kasu gehiago argitara

Irungo irakaslearen sententziaz gain, berriki jakin da Donostiako eskola bateko bi irakasle atxilotu dituztela, 4 urteko haur bati sexu erasoa egitea leporatuta. Diario de Noticias egunkariaren arabera, astelehen goizean atxilotu zituzten biak, Gipuzkoako hiriburuan eta Hondarribian. Sumario sekretupean dagoenez, Ertzaintzak ez du kasuaren inguruko xehetasun gehiago eman.

3 eta 6 urte bitarteko umeentzako ikastetxe bateko irakasleak dira atxilotuak, eta Ertzaintzak itxi egin du eskola behin-behinean.