argia.eus
INPRIMATU
Lau urteko espetxe zigorra ezarri diote gizon bati 13 urteko neska bati sexu-erasoak egiteagatik
  • Kartzela-zigorraz gain, 10.000 euro ordaindu beharko dizkio gizonak biktimari.

Mattin Azpiroz Pagola 2023ko abenduaren 05
Gipuzkoako Probintzia Auzitegia, epaiketaren lekua. // Argazkia: Gipuzkoa.eus

Lau urteko espetxe-zigorra ezarri diote gizon bati, 2019an Donostia eta Tolosa arteko auto bidaia batean 13 urteko neska bati sexu erasoak egitea egotzita. 10.000 ordaindu beharko dizkio biktimari, eta hamar urteko urruntze-agindua bete beharko du. Halaber, kartzelatik irten ondoren zaintzapeko askatasunean egongo beharko du bederatzi urtez.

Epaiketan gizonak egindakoa onartu du. Fiskaltzak eta biktimak zortzi urteko espetxe-zigorra eskatzen zuten arren, zigorra murriztu egin da, besteak beste, akusatua mozkorra zegoelako eta prozedura judiziala atzeratu egin delako. Biktimak antsietatea eta depresioa izan ditu bi hilabetez ekintza horien ondorioz.

Zer gertatu zen

Efe agentziak izan du gertakarien berri Fiskaltzaren akusazio-idazkiaren bidez. Epaiketan emandako datuen arabera, biktima eta akusatua bizilagunak dira, eta 2019ko abuztuaren 16ko goizaldean Donostiatik oinez zihoazela, gizona neskaren ipurdia ukitzen hasi zen. Horren ondoren, Tolosara joateko −bertan bizi dira biak− hirugarren pertsona batek gidatzen zuen auto bateko atzeko eserlekuan jarri ziren, eta gizonak neskaren bularrak eta genitalak ukitu zituen. Tolosara iritsi zirenean, bien eraikineko igogailuan akusatuak biktima musukatu zuen, hark ezezkoa eman eta gogor eutsi arren.