argia.eus
INPRIMATU
Lau urte bizia berreskuratzeko

Mikel Berasaluze Faivre 2024ko maiatzaren 22a

Gaur, nire hitzekin arranguratzera etorri naiz.

Lau urte!

Lau urte behar izan ditut nire bizia berriz berreskuratzeko.

Lau urte, baita ere, bizi nintzen presondegitik ihes egiteko.

Lau urte… Isilean… Bakarrik… Iraganeko bizia bazterrean utziz… Nire desberdin den burumuinaren funtzionamendua ulertzeko eta nire gorputza berriz osasuntzeko.

Orduan, ARGIAri esker, gaur, nire hitzekin harro eta ozenki salatzera etorri naiz.

"Salamarekun, buenas, bonjour à vous".

Ni Mikel deitzen naiz. 48 urteko eta 100 kiloko basajaun bat naiz. Hori kanpotik ikusita. Barnean, haur bat eta askoz meheagoa ikusten naiz.

Agian bidelagunak izan gara egunen batez, ikastolan, militantzian, besta batean, itsas bazterrean ala mendian gaindi, nork daki.

Presondegia hitza askok dugu ezagutzen hemen, gure odolean barneratuta baitugu. Ni, beste presondegi batez aipatzera etorri naiz. Oraindik tabu den presondegi batez.

Maleruski, hemezortzi urtez ezagutu ditut holako presondegiak; zimino jainko xuriak sinetsiz, ni, nire familia eta lagunek lagundurik; 35.000 kimiko pilula gorputzari inposatuz; behin, elektrizitatea nire burumuinean ezarririk eta, beste batzuetan, gelako ohean lotuta mantendurik… Beste tortura mota bat… 1609an erretzen genituen sorginak, gaur beste molde batez isilarazten dituzte ni bezalakoak.

Psikiatria instituzioez ari naiz mintzo! Eta nire biziaren parte bat izorratu dute!

Horretarako, nire nortasun herritik erbesteratu izan behar nuen, bizkarrean nituen traumatismo guztiak nirekin eramanez. Beste medikuntza batzuekin hasi nintzen orduan lanean, nire bizia konpontzeko eta errenazimentatzeko.

Presondegia hitza askok dugu ezagutzen hemen, gure odolean barneratuta baitugu. Ni, beste presondegi batez aipatzera etorri naiz. Oraindik tabu den presondegi batez

Duela lau urte, urriaren 15ero izan ditudan hamar psikiatrei eta orain Baionako ospitaleko zuzendari berriari gutun bat helarazten diet, haien errua salatzeko. Hastapenetik isilean eta ukatzean jolasten ari dira nirekin. Momentuz bakarrik naiz borrokan, baina ez naiz isilduko. COVID-19 garaian euskal eta frantses hedabide batzuekin saiatu nintzen borroka hori aipatzen, baina beldurrarekin, medikuntza mota hori kritikatzea ezinekoa zen segur aski. Ero edo konplotista bat bezala hartua nintzen batzuengandik. Hemezortzi urteko medikuntza horrek ni izorratuz, ulertu dezakezu, askok bezala, nire txertatzearen inposizioaren ez adostasunarekin. Eta gauza bat gehitu nahi dudana da, ez dudala dena baztertzen medikuntza horretan.

Gaur nire ekintzekin dantzatzera etorri naiz.

Gaskonian bizitzen segitzen dut orain. Noizbehinka Larrun mendirantz hurbiltzen naiz harremanetan segitzen ditudan lagunak ikusteko, haiek nigana heldu direlakoan. Hori da harremana niretzat.

Gaur egun gizabanakoaren bizi moldetik urrundu naiz. Ez dut alokairurik, auto pertsonalik ere ez, ez dut osasun segurantzarik, ez eta lan kontraturik. Gizaki horrekin ez dut loturarik gehiago nahi, alta sobera atera naizela berengandik aitortzen dut.

Gaur egun, Amalurrarekin nahiago dut bizi, sinpleago, estresetik urrun, kolektibotasunak sobera jan gabe, txirrindolarekin gehienetan mugituz, baratze bat egunero landuz, sasoiko eta tokiko elikadurak aldi guztiz sukaldatuz, eta alternatibo medikuntzak praktikatuz: Shiatsu, osteopatia, T.R.E, E.M.D.R, yoga, arnasa lasaia eta bainu hotzak, besteak beste, dira nire praktikak. Beste bide horrekin segituko dut bizitzen eta urte askotarako, prefosta! Opa dizuet nirekin urte horiek kontatzea!

Gaur egun, hipersentikorra eta dohaintasun naizela jakin dut eta neuroatipikoa izatea ikasten dut aditu batzuekin. Batzuek hola zaretela konturatu naiz eta ze bizipoza ez naizela bakarrik jakitea.

Gaur egun, idazten ditut nire bizi esperientziak, eta plazarazten kolektibo batekin. Frantsesez, momentuz, eta ez dit molestatzen. Hizkuntza horrek min egin badit garaian, orain ohoratzen dut nire SLAM-ekin. Aldiz, euskarak nire bizi hizkuntza segitzen du izaten.

Zirkua, gimnasia eta dantzari lotu naiz ere bai, osasuna mantentzeko. Agian taula batean agertuko naiz egunen batez.

Orain, nire azken hitzekin utziko zaitut.

Gogoeta batekin isilduko naiz bukatzeko, zuk zure burumuinarekin solastatzeko, nahi baduzu.

Nire barneko beldur beltzenak ezagutzera joan naiz, nire haserre gorrienak eraldatu ditut mugimendua eta idatziekin eta nire barneko tristurak eta orain pozak ateratzen ditut negarrez iturria bezala. Hori dena egin eta egiten dudanetik, orduan bai, ortzadar bat ikusten hasi naiz nire bizian, euria eta argiari esker.

Jadanik bakean bazira, hobe hiretako, beraren bidean segitzen baduzu oraindik, ez amore eman eta lotu biziari, merezi du eta! Esperientziak dio!

Mikel Berasaluze Faivre