argia.eus
INPRIMATU
Lau ultraeskuindar atxilotu dituzte Clement Meric hiltzeagatik
  • Lau ultraeskuindar atxilotu ditu Frantziako poliziak Clement Meric 18 urteko gazte antifaxista hil izana egotzita. Le Point-en arabera, ustezko hiltzailea lau horien artean dago eta Enrique M. espainiar gaztea dela zabaldu du Espainiako zenbait hedabidek. Poliziak adierazi duenez, atxilotuak errudunak dira, baina ez dute oraindik “hiltzeko asmoa zutela” frogatzerik izan.

Lander Arretxea @larretxea 2013ko ekainaren 07a

Erasotzaileak JNR Gazte Nazionalista Iraultzaileak “eskuin muturreko” taldekoak dira poliziaren arabera, baina Serge Ayoube, JNRko ordezkariak, “ziurtasun osoz” gezurtatu  du. Frantzia osoan zabaldu dira hilketa salatzeko mobilizazioak. La Horde webgune antifaxistak deialdien bilketa egin du.

 

Asteazken arratsaldean izan zen erasoa, Pariseko Saint Lazare auzoan. Atzo hil zen Meric, hainbat orduz koman egon ostean. Hilketaren nondik-norakoak ez dira erabat argitu. Ukabila amerikar batekin eraso zutela zabaldu da, baina poliziak ez du ziurtatu oraindik. Biktimak konortea galdu zuen jasotako kolpeen ondorioz, eta erortzean, burdinazko poste bat jo zuen buruaz.

Frantziako alderdi politiko guztietako ordezkariek gaitzetsi dute gaztearen hilketa. Marine Le Pen FN alderdi eskuindarreko buruak erasotzaileen eta alderdiaren arteko lotura ukatu du. François Hollande Frantziako presidenteak aldiz, “indarkeria erabiltzen duten eskuin-muturreko taldeak” jazarri behar direla adierazi du.