argia.eus
INPRIMATU
Oxfamen txostena 2022
Hamar pertsona aberatsenek munduko 3.600 milioi txiroenek baino sei aldiz gehiago dute
  • Aurrekaririk ez duen egoeran, COVID-19aren pandemia lehertu zenetik igaro diren bi urteotan, munduko hamar gizonik aberatsenek bikoiztu egin dute beren fortuna –700.000 milioi dolarretik 1.5 bilioira–, gizateriaren %99aren diru-sarrerek behera egin duten bitartean. Horrek esan nahi du hamar pertsona hauek 15.000 dolar poltsikoratzen dituztela segunduro, edo 1.300 milioi egunero, Oxfamek kalkulatu duenez. Bi urteotan, bitartean, beste 160 milioi pertsona pobrezia egoeran murgildu dira.

Lander Arbelaitz Mitxelena @larbelaitz 2022ko urtarrilaren 17a
Munduko hamar pertsona aberatsenak eta beren fortuna mila milioi dolarretan.

Oxfam International Gobernuz Kanpoko Erakundeak urtero ateratzen duen txostena ezin gordinagoa da, aurten ere. Davoseko ekonomia foroan munduko agintari nagusiak biltzen direla baliatuz argitaratu du. Lotura honetan dago kontsultagai ingelesez, frantsesez, gaztelaniaz eta arabieraz.

Kapitalismoaren desberdinkeria azeleratzen ari da, urtez urte ematen dituzten datuak aintzat hartuz gero. 2014an ARGIAn informatu genuen nola 85 pertsona aberatsenek munduko 3.600 milioi herritarrek adina zeukaten. 2016an, 62 ziren. 2017rako, 43 ziren. 2019an 26 ziren munduko herritarren erdiak adina zutena. Gero pandemia etorri zen, hamar pertsona aberatsenek bikoiztu egin zuten beren fortuna eta 2022rako, hamar pertsona aberatsenek 3.600 milioi txiroenek baino sei aldiz gehiago daukatela nabarmentzen da.

Pandemia hasi denetik, 26 orduro pertsona batek mila milioi dolar pilatzen ditu, hamar pertsonarik aberatsenek beren fortunak bikoiztu dituzte eta 160 milioi pertsona gehiago erori dira pobrezian.

"Berdintasun ezak lau segunduro pertsona baten heriotza eragiten du. Eta ez da kasualitatea, aukera bat baizik: aberatsentzat eta aberatsenek eginiko hautuen ondorio biolentoak dira gure ekonomiak". Hala laburbildu dute sare sozialetan berdintasun faltari buruzko 2022ko Inequality Kills (Desberdinkeriak hil egiten du) txostena.

Munduko 3.100 milioi txiroenak baino sei aldiz aberastasun gehiago daukate hamar pertsonak

Datu ugari eman dituzte. Batekin hastearren, pandemia hasi denetik beren aberastasuna bikoiztu duten hamar gizon hauek egun batetik bestera beren fortunaren %99.999 galduko balute ere, planetako herritarren %99 baino aberatsago izaten jarraituko lukete. "Gaur egun, munduko pobreenak diren 3.100 milioi pertsonak baino sei aldiz aberastasun gehiago daukate hamar pertsona hauek".

Gutxienez 73 herrialdek aurten aurre egin beharko diete Nazioarteko Diru Funtsak bultzatutako austeritate eta murrizketa politikei, gogoratu dutenez. Horrek herrialdeen arteko desorekaz gain, barne-mailakoa areagotuko duela ohartarazi dute. Nazioarteko elkarte honek ezinbestekotzat jo du herrialdez herrialde aberatsenak zerga bidez askoz gehiago taxatzea.

2021eko uztailean, munduko pertsonarik aberatsenak bere luxuzko espaziontzian espaziora bidaiatu zuen lagun batzuekin, bitarte horretan milioika pertsona jatekorik eta txertorik gabe hiltzen ari ziren bitartean. Jeff Bezosek ondorengo esaldia bota zuen: "Milesker Amazoneko langile eta bezero guztiei, zuek ordaindu duzue guzti hau". Bezosek pandemia hasi denetik pilatutako diru-irabaziekin bakarrik, mundu osoko herritarrak txerta litezke.

Oxfamek kapitalismoaren desberdinkeria hau izendatzeko "biolentzia ekonomikoa" kontzeptua darabil eta salatu du egunero gutxienez 21.000 lagun hiltzearen konplize dela, osasun zerbitzuetara sarbiderik ez izateagatik, biolentzia matxistagatik, goseagatik edo krisi klimatikoagatik hiltzen ari diren herritarrei erreferentzia eginez.

Zenbait datu solte azpimarratuko ditugu jarraian, Oxfamen txostenetik:

  • Milioidunen aberastasuna gehiago hazi da COVID-19a hasi denetik, aurreko 14 urteetan baino.
  • Munduko 252 gizon aberatsenek gehiago daukate Afrika, Hego Amerika eta Ertamerikako mila milioi emakumeek baino.
  • 1995etik aurrera, %1 aberatsenak 20 aldiz aberastasun gehiago pilatu du gizateriaren erdi txiroenak baino.
  • AEBetako 3,4 milioi herritar beltz bizirik egongo lirateke gaur egun, herrialde horretako herritar zurien bizi-esperantza izango balute. Pandemiaren aurretik, kopuru hori 2,1 milioitan zegoen.
  • Kalkulatzen da 20 mila milioidun hauek 8.000 aldiz gehiago kutsatzen dutela 1.000 milioi herritar txiroenek baino.
  • Herrialde txiroetan urtero 5,6 milioi pertsona hiltzen dira osasun zerbitzuetara sarbiderik ez izateagatik.
  • Gutxienez 67.000 emakume hiltzen dira urtero mutilazio genitalagatik, edo beren bikote edo bikote ohiak erailda.
  • Urtean milioika tona janari alferrik galtzen den bitartean, 2,1 milioi pertsona hiltzen dira gosez munduan.