2021ean zazpi milioi haur eta gazte baino gehiago hil ziren, Unicefek bildutako datuen arabera. Heriotzetako asko eragotzi daitezkeela salatu du erakundeak, lehen arreta bermatzeko dirua bideratzen baldin bada. Horretarako "borondate politikoa" exijitu dute. Saharaz hegoaldeko Afrikan eta Asia hegoaldean dute heriotza arrisku handiena.
4,4 segundoro haur edo gazte bat hil zen 2021ean. Unicef Haurren Laguntzarako Nazio Batuen Funtsak eman du datuaren berri, eta salatu du heriotzetako asko eragotzi zitezkeela osasun arreta egokia bermatuz gero herrialde guztietan. Agintariek neurriak ezarri ezean, 2030era bitartean 59 milioi haur hilko direla aurreikusi du Unicefek.
2021ean 5 eta 24 urte bitarteko 2,1 milioi haur eta gazte hil ziren eta bost urtetik beherako bost milioi haur. Gainera, 1,9 milioi hilik jaio ziren.
Jaio osteko lehen hilabetean hil zirenak, gehienbat jaiotza goiztiarrek eta erditze orduko azaroek eragin zituzten. Gerora, gaixotasunak dira arrazoi ugarienak: neumonia, beherakoa edota malaria, besteak beste.
Erakundeko Analisi, Planifikazio eta Datuen Kudeaketaren zuzendari Vidhya Ganeshek joan den asteartean datuok ematearekin batera erabaki politiko ahulak eta osasunerako inbertsio urriak kritikatu zituen: "Heriotzetako asko saihestea posible da politikoek horretarako borondatea baldin badute", salatu zuen. Txostenak kasu zehatzak jaso ditu non lehen arreta indartuz heriotza kopurua jaistea lortu duten.
Halaber, herrialdeen arteko desberdintasunak gaitzetsi dituzte. Saharaz hegoaldeko Afrikan dute heriotza arrisku handien, Europako eta Ipar Amerikako haurrena baino hamabost aldiz handiagoa. Asia hegoaldean atzeman dute bigarren heriotza kopuru handiena.