Ostegun gauean polizia-agente batek borrarekin bortxatu zuela eta beste hiruk jipoitu zutela salatu du 22 urteko gazte frantziar batek. Gertakaria Aulnay-sous-Bois herrian (Seleine-Saint-Denis) gertatu zen, droga trafikoaren aurkako operazio batean.
Ikerketaren iturriek zabaldu dutenez, “kontrolaren unean erresistentzia egiteagatik gaztea borrarekin kolpatu zuten poliziek, eta horietako batek borra uzkitik sartu zion”. Biktimari ebakuntza egin behar izan diote, “zauri larriak” dituelako ondestearen aldean, eta ospitalean dago.
Agenteen arabera, “ustekabeko ezbeharra” izan zen, gazteari prakak “bakarrik” jaitsi zitzaizkiolako. Biktimak, berriz, erasoa “borondatezkoa” izan zela ziurtatu du, eta irain arrazistak esan zizkiotela eta listua bota ziotela gaineratu du. Poliziak euren karguetatik kendu dituzte.
Seleine-Saint-Deniseko departamentuko presidenteak gertatutakoa arbuiatu du eta gaia mahaiaren gainean ipiniko duela ziurtatu du: “Kontrolak amesgaizto bihurtzen dira gazte askorentzat, hau geldiarazi behar dugu”. Aulnay-sous-Boiseko biztanleak kalera atera dira asteburuan zehar, gertatutakoa gaitzesteko. Istiluak egon dira poliziaren eta herritarren artean.
Gertakarien bideoa: