argia.eus
INPRIMATU
Lau pertsonatik bat bakarrik sentitzen da EAEn eta horrek eragina du osasunean
  • Adineko eta klase baxuko direnen artean zabalduago dago bakardade sentimendua, eta sentimendu horrek eragina du osasunean oro har eta osasun mentalean zehazki. Bakarrik sentitzen diren gazteengan, gainera, handiagoa da osasunean duen eragina. Hala dio EHUren ikerketa batek, eta ondorioa argia da: “Bakardadea osasun publikoko arazoa da”.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2020ko abenduaren 11

Nahi ez den bakardade sentimendua dute EAEn emakumeen %29,7k eta gizonen %23,3k, EHUko ikerketa taldeak ateratako ondorioen arabera, 2018ko datuak erabiliz. Klase sozial baxuenetan eta 80 urtetik gorako herritarrengan orokorragoa da sentimendua, baina bakardade horrek eragin handiagoa du 25 eta 44 urte bitartekoen osasunean.

Bakardade sentimendua lotuta dago osasun orokorreko egoera okerragoarekin, hilkortasun handiagoarekin, hipertentsio eta gaixotasun koronarioak izateko arriskuarekin, buruko gaitzekin eta osasunarentzat kaltegarriak diren jokaerak izateko aukerarekin.

Hala, osasun publikoari dagokion arazoa dela ulertuta, bakardadea murrizteko esku-hartzeak diseinatzea ezinbestekoa dela dio ikerketak.

“Pentsa zein den egoera pandemia garaiotan”

Ikerketa COVID19aren aurretik egindakoa dela nabarmendu du Unai Martin egileetako batek: “Gaur egun bizi dugun honen guztiaren aurretik halako bakardade-sentimendua baldin bazegoen, eta erakusten badugu bakardadeak osasun orokorrerako eta osasun mentalerako zer garrantzi duen, pentsa zein izango den egoera orain bizi dugun krisi honetan, zeinetan oso gutxi hartu baita aintzat epidemiaren kudeaketa pertsonen osasunean izaten ari den eragina, kutsatzeetatik harago. Litekeena da pairatzen ari garen nolabaiteko bakartze sozial hau osasunean inpaktu handia eragiten aritzea”.