argia.eus
INPRIMATU
Lau pertsona hil eta bi atxilotu dituzte Haitiko presidentearen hilketa egotzita
  • Ekainaren 7ko gauerdian, Jovenel Moïse presidentea tiroz hil zuten bere etxebizitzan. Egun bat geroago, Polizia Nazionalak ustezko hiltzaile batzuk hartu ditu preso; eta guztira, guztira susmagarri inguru daude.

Iraitz Madariaga Etxebarria 2021eko uztailaren 08a

Haitiko Polizia Nazionalak Jovenel Moïse presidentearen ustezko hiltzaileetako batzuk atxilotu ditu gaur gauerdian: horietako lau polizia operazioan hil eta beste bi zauritu egin dituzte. Gazette Haiti hedabideak jasotako informazioaren arabera, hogei pertsona inguru ikertzen ari dira krimenarengatik. Ekainaren 7ko goizaldean Moïseren etxebizitzan sartu eta presidentea tiroz hiltzea eta haren emaztea zauritzea egozten diete. Gertatutakoak Haitiko indarkeria egoera eta segurtasun larrialdia areagotu ditu, eta behin-behineko presidente Claude Josephek setio egoera ezarri du herrialdean.

Frantz Exantus Haitiko Gobernuko bozeramaileak sare sozialen bidez eman du atxiloketen berri, eta Leon Charles poliziaburuak prentsaurrekoan zehaztu ditu operazioaren nondik norakoak. Puerto Principe hiriburuko Pelerin auzoan egin dituzte atxiloketak, Moïseren hilketa gertatu zen leku berean. Sei susmagarriek hiru polizia bahitu dituzte operazioan, baina segurtasun indarrek askatzea lortu dute. Agenteek ustezko kriminaletako lau hil dituztela adierazi du Charlesek, eta beste bi preso hartu dituztela.

Dena den, ikertzen ari diren beste hogei pertsona daude Gazette Haiti komunikabideak jasotako datuen arabera, eta horiek “hil edo harrapatu” egingo dituztela azaldu du Charlesek. Oraindik susmagarrien inguruko informaziorik zabaldu ez den arren, bilatzen ari diren pertsonek gaztelaniaz eta ingelesez hitz egiten dutela adierazi dute (Haitiko hizkuntza ofizialak frantsesa eta kreola dira). 

Berria hedabideak adierazi duen bezala, hilketaren datuak zabaldu eta gero, hegazkin konpainiek bertan behera utzi zituzten Haitirako hegaldiak, eta Dominikar Errepublikak herrialdearekin duen muga itxi zuen. Claude Josephek lasaitasunerako deia egin zuen hasieran; handik gutxira, ezohiko ministro kontseiluan erabaki zuen herrialdean setio egoera ezarriko zuela. 

Moïseren hilketa

Uztailaren 7ko goizaldean talde armatu batek Jovenel Moïse presidentearen etxera sartzea lortu zuen. Ustez, AEBetako Drogen Aurkako Agentziaren polizia operazio bat egiten ari zirela irudikatu zuten erasotzaileek –nahiz eta AEBetako Gobernuak bertsio hori ezeztatu egin duen–. Moïse hil egin zuten, gutxienez hamabi aldiz tiro eginda; bere emazte Martine Moïse larriki zauritu zuten, eta Floridako ospitale batera eraman behar izan zuten. Momentuz, arriskuz kanpo dago.

Talde armatuek Haitin eragin duten indarkeria egoera larria da. Gainera, ez da agintariaren aurkako eraso bat egiten den lehen aldia. Duela urte erdi, 2021eko otsailean, gobernuak Moïse hiltzeko beste saiakera bat gelditu zuela adierazi zuen. Moïseren aurkako oposizioak indar handia izan du Haitin, askok diktadoretzat baitzuten presidentea.

2015eko Haitiko bozak atzera bota ziren, iruzur salaketak zirela medio. Orduan, garaiko Michel Martelly presidenteak senatuko buru zen Moïse ezarri zuen behin behineko karguan. 2016ko bozetan Moïsek berak irabazi zituen hauteskundeak, eta estatuko burutza lortu zuen bost urtez. Halere, azken urtean, parlamenturik gabe gobernatzen ibili izan da Moïse, eta oposizioak salatu izan du presidentzia 2020an utzi behar zuela, 2015ean hasi baitzen karguan, behin-behineko gisa izan bazen ere. Moïsek kargua 2022ra arte zuela esaten zuen. 

Haitiko hurrengo hauteskundeak 2021eko irailerako daude deituta. Presidentetzarako lehen buelta eta erreferendum konstituzionala egingo dira orduan. Bigarren buelta eta hauteskunde legegileak, berriz, azarorako antolatuko dira.