34 identifikatu eta lau atxilotu ditu Espainiako Poliziak, eta lo lekua zuten kanpalekuak desegin dituzte. Urte osoan 800 pertsona inguru identifikatu ditu Espainiako Poliziak Bilbon, El Independientek argitaratu duenez.
Lau atxilotuetako hiruk Espainiako Estatutik ateratzeko agindua dute, eta laugarrenaren kasuan irregulartasunak atzeman dituztela salatu dute. Bilboko Portuko Agintaritzarekin lantaldean, poliziak hemeretzi kanpaleku desegin zituen. Lo leku horiek “egoera eskasetan eta higiene oso urria” zutela azaldu dute. EAE eta Nafarroako arartekoek migratzaile adingabeak babesteko deia luzatu dute, pertsonen salerosketen sarean erraz maneia ditzaketelakoan.
Bilboko portuan zeuden migratzaileek Erresuma Batura abiatzea zuten helburu. Itsasontzietan garraiatzen diren kamioietan sartuta lortzen dute askok haraino iristea. Aurten 800 saiakera egon direla jakinarazi dute, baina aurreko urteetan egon den gorakada nabarmena da: El Independiente hedabideak argitaratutako datuen arabera, 2015eko 119 saiakera kopurua bi urtetan hamabost aldiz handiagoa bilakatu zen. Hau da, 2017. urtean 1.800 saiakera inguru izan ziren. Urte horretako urrian hormigoizko murrua eraiki zuen Bilboko Portuak, migratzaileen ezkutuko bidaia ekiditeko. Britainia Handiko BBC hedabideak begirada jarri zuen Bizkaiko hiriburuan jazo izan diren kasu horietan, eta "Bilboko migratzaile krisialdi" kasu bat zela esan zuen.