Apirilaren 3an egingo dituzte martxak Gorbeia, Anboto, Beriain eta Txindoki mendietara.
“Giza eskubideen aldeko trena tontorreraino eramateko ezinbestekoa da herritarron inplikazioa”, adierazi du Sarek. Hori horrela, Lau Tontorrak! ekimena antolatu dute kirol eremuko zenbait lagunekin batera apirilaren 3rako.
Dispertsioa salatzeko, larri gaixo dauden presoen askatasuna eskatzeko, eta salbuespenezko legeen amaiera eskatzeko igoko dira Gorbeiara, Anbotora, Beriainera eta Txindokira. Juanito Oiarzabalek, Alberto Zerainek eta Pou anaiek ere bat egin dute deialdiarekin.
Goizeko 9:30etan abiatuko dira: arabarrak Gorbeiara igoko dira Muruatik; bizkaitarrak Anbotora igoko dira Urkiolatik, gipuzkoarrak Txindokira Larraitztik, eta nafarrek Beriain izango dute helmuga, Arbizutik abiatuta.