Joan den igandean, otsailak 3, Makea, Lekorne eta Luhusoko (Lapurdi) gazteek eskainitako Libertimendua lehenbizikoa izan da 2019koen artean. Ondorengo hiru Nafarroan hiru herri edo eskualdek antolatuta aurkeztuko dituzte: Amikuzeko gazteek Donapaleun bata, Aldude, Banka eta Urepelekoek bestea eta hirugarrena lehenbiziko aldiz Iruñako jendeek prestatua.
Iaz oso emankizun goraipatua eskaini zuten arren, aurtengoan zirtzil papera jokatzeko aski gazte bildu ez dutela eta, Donibane Garazikoa faltako da Libertimendu herri antzerkien sailean. Ordainetan, gero eta interes handiagoa pizten duen inauteri giroko ikuskizunak Hegoaldeko bertsio bat ere izango du, lehenbizikoz Iruñean antolatzen ari direna.
Otsailaren 24an izango da Amikuzeko Libertimendua, Donapaleuko plazan azken urteotan bezala. Urepele, Banka eta Aldudekoek antolatua martxoaren 17an izango da. Tartean hartuko dute beren txanda Iruñekoek, "Iruinkokoa" deitu duten emankizunarekin.
Karrikiri, Duguna, Zaldiko Maldiko eta Euskaldunon Biltoki elkarteek sustatuta dator "Iruinkokoa" –hain zuzen "Bidador, Iruñeko euskaldunak" pastorala antolatu zutenek berek– eta 70 bat lagunek hartuko omen dute parte bertan. Martxoaren 3ko eguerdiko 13:00etan iragartzen dute Iruñeko Libertimendua, Santa Ana plazan burutuko dutena, aurretik "Asaldua" deitu puska biltzea egingo dutelarik goizeko 09:45etan hasita hiriburuko euskaltzaleen bilgune-ostatu ezagunak direnak korrituz.
Libertimendua baldin bada –Dantzan webguneak azaltzen duenez– "bolanten besta, primaderaren hastapena markatzeko", hori baino lehen ospatu ohi dute Santibate "zirtzilen besta, oroitarazteko negua beti hor zela. San Blas egunean edo baitan ospatzen da. (...) Lehengo garaietan, zirtzilak etxez etxe pasatzen ziren xerriki eske. Gaur egun besta horren ospatzen segitzen dute, dantzan, kantuz, Santibateko bertso zaharren plazaratzen eta xerriki eske ibiliz karrikaz karrika".
Amikuzeko Santibate larunbat honetan izango da, otsailaren 9an, Donapaleuko kaleetan barrena.
SANTIBATE otsailaren 9an, ibiakoitz arratsalde huntako 5etarik aitzina DONAPALEUn. Gazte : jin zaitez zirtzilez emanik, kanta, dantza, bertsu, jan eta edatera lehertu arte... pic.twitter.com/55cKZbqiPI
— ZABALIK (@zabalikelkartea) February 7, 2019