argia.eus
INPRIMATU
Beste lau lagun atxilotu dituzte Iruñean azken ikasle grebarekin lotuta
  • Espainiako poliziak lau gazteak atxilotu ditu, Nafarroan Espainiako gobernuak duen ordezkaritzak jakinarazi duenez. Atxiloketa gehiago egin ditzaketela ohartarazi dute. “Desorden publikoak” eragitea eta “autoritatearen kontrako atentatua” egin izana leporatu diete.

Iera Aranburu @ieraran 2014ko maiatzaren 06a
Iada 24 dira m27ko mobilizazioetan parte hartzeagatik atxilotuak izan diren gazteak. (Argazkia: ahotsa.info)

Atxiloketak astelehen arratsaldean izan dira. Atxilotuei banketxe batean eta Mercaderes kalean aurkitzen den Burguer Kingari egindako erasoetan parte hartzea egotzi diete.

Espainiako gobernuaren ordezkaritzak ohartarazi du Poliziaren egoitzan daudela, epailearen esku uzten dituzten bitartean.

Dagoeneko 24 ikasle dira martxoaren 27ko grebako mobilizazioetan parte hartzeagatik atxilotuak izandakoak. Horietatik 12 adin txikikoak dira.

Atxiloketak salatzeko agerraldia egingo dute gaur, asteartea, 18:00ean Iruñean, gobernu espainolaren delegaritzaren aurrean.

Azken ikasle greban Iruñean egindako mobilizazioen laburpena egin zuen Ahotsa.infok.