argia.eus
INPRIMATU
Lau hilabeteko gurasotasun baimena ezartzea proposatu du Europako Batzordeak
  • Gurasotasun baimena eta seme-alabak zaintzeko baimena lau hilabetera luzatzeko proposamena egitea onartu du Europako Batzordeak. Proposamenak aldaketa handia ekarriko luke Hego Euskal Herrian, lau asteetara luzatu berri baita baimen hori.

Lukas Barandiaran San Roman 2017ko apirilaren 27a

Bruselan aurkeztu du proposamena Elkarrizketa Sozialerako Batzordeko lehendakariorde Valdis Dombrovskisek. “Familiako eta laneko bizitza uztartzeko” neurriak aurreikusten du gurasoek ordaindutako lau hilabeteko baimenak eskatu ahal izango dituztela seme-alabek hamabi urte bete arte. Neurriak aurrerapen handia ekarriko luke baimen mota horien arloan; Espainiako Estatuak aurten bertan lau asteetara luzatu baitu baimen mota hori.

Gainera, neurri berriak aitortuko du gizonezkoentzat seme-alabaren jaiotzaren inguruan hamar eguneko baimen berria onartzea, eta senide gaixoak zaintzeko urteko bost eguneko baimena. Baimen guzti horiek gaixotasun baja bezainbeste ordainduko lirateke. Bestalde, seme-alabak dituzten gurasoek ordutegi malguak eskatzeko eskubidea edukiko dute.

Batzordeak eman dituen azalpenen arabera, aitek seme-alaben zainketan ardura handiagoa hartzea eta hala emakumeak soldatapeko lanetan pisu gehiago hartzea dira neurrien helburuak. 2015ean gizonezkoak baino %11,6 emakume gutxiago zegoen soldatapeko lanekin, eta diferentzia hori %30era igotzen da sei urte baino gutxiagoko haurrak dituzten familietan, Batzordeak neurria justifikatzeko emandako datuen arabera.

Europako patronala kontra

Proposamenak “lana sortzea eta lehiakortasuna” murriztuko dituela esan du Europako patronalak, Business Europek. Sindikatuen Europar Konfederazioak, berriz, proposamena babestu du eta patronalaren negoziaziorako borondate eza kritikatu ditu.

Dena den, Deia-k eman duen albistearen arabera, Batzordeak Europako Parlamentuko alderdi kontserbadoreei eta estatu kideei aurre egin beharko die proposamena aurrera ateratzeko.