181 milioi haur inguru bizi dira egoera larrian eta gobernuz kanpoko erakundeak dio hilgarria izan daitekeen desnutrizio-motaren bat jasateko %50 aukera gehiago dutela. Desberdintasunak, gatazkak eta krisi klimatikoa dira arrazoi nagusiak.
Munduan dauden lau haurretatik bat “elikadura-pobrezia larrian” bizi da UNICEFek jasotako datuen arabera. Haur hauek zero eta bi elikagai-talde artean kontsumitzen dituzte egunero –UNICEFen arabera, zortzi elikagai-talde daude: zerealak, amaren esnea, esnekiak, A bitamina asko duten fruitu eta barazkiak, haragia, beste fruitu eta barazkiak, lekaleak eta arrautzak – eta bost haurretik lau amaren esnearekin edota esnekiekin soilik elikatzen dira gobernuz kanpoko erakundeak dioenez. Haur horien artean, guztira 181 milioi haur inguru dira egoera larrian bizi direnak eta haur horiek %50 aukera gehiago dute desnutrizio-motaren bat jasateko. Catherine Russell UNICEFeko zuzendari exekutiboaren arabera, “elikadura-pobrezia larrian bizi diren haurrek ondorio negatibo atzeraezinak izan ditzakete biziraupenerako, hazkunderako eta garunaren garapenerako”.
Herrialdeak oraindik COVID19aren pandemiaren eraginetik suspertzen ari direla, UNICEFek ohartarazi duenez, desberdintasunen, gatazken eta krisi klimatikoaren ondorioz “elikagaien prezioa eta bizitzaren kostua inoiz ez bezalako mailetara igo” dira. UNICEFen arabera, elikadura-pobrezia larrian bizi diren 64 milioi haur Hegoaldeko Asian bizi dira, eta 59 milioi Saharaz hegoaldeko Afrikan. Gazako Zerrendako liskarrek elikadura eta osasun-sistemaren kolapsoa eragin dute, eta 2023ko abendutik 2024ko apirilera bitartean egindako bost datu bilketek egiaztatu zuten Zerrendan hamar haurretatik bederatzi elikadura-pobrezia larrian bizi direla.
“Elikadura-pobrezia larrian bizi diren haurrek ondorio negatibo atzeraezinak izan ditzakete haien biziraupenerako, hazkunderako eta garunaren garapenerako”
Catherine Russell
UNICEFeko zuzendari exekutiboa
Elikadura-pobrezia larriagotzen duten faktoreak
Elikadura-pobrezia larrian bizi diren haurren familiek ez dute elikagai egokiak eskuratzeko baliabiderik ez aukerarik. Erakundeak azpimarratu du familiek elikadura osasuntsua ahalbidetzeko ezintasuna dutela eta haurrek “edari azukredunak eta elikagai ultra prozesatuak, merkeagoak eta osasungarriak ez direnak” kontsumitzen dituzte. Elikagai horiek “estrategia komertzial indartsuekin” zabaltzen direlako horiek normalizatzearen arriskua aipatu dute. UNICEFek gobernuei, giza eta garapen-erakundeei, emaileei, gizarte zibilari eta elikagaien eta edarien industriari ekintzarako deia egin die, haurren elikadura-pobreziarekin bukatzeko.