argia.eus
INPRIMATU
Lau gorpu deshobiratu ditu Aranzadi elkarteak Urbikain herriaren inguruetan
  • Ostiralean aurkitu zituzten 1936ko Gerrako lau gorpuak Urbikaingo Amildegia izeneko inguruetan, eta astelehenean egin dute deshobiraketa.

IƱaut Gonzalez de Matauko Rada @inautogdm 2019ko uztailaren 30a
Artxiboko irudia. Argazia: Aranzadi Zientzia Elkartea.

Liburu bateko testigantza bat giltzarri izan da lau gorpu hauek aurkitzeko. Gizon batek, haurra zela, inguru horretan sei gorpu ikusi zituela jasotzen du liburu batek, eta horri esker lortu dute Aranzadiko lagunek gorpuak aurkitzea.

Hildakoak gizonak ziren, eta laurak tiroz hil zituztela baieztatu dute. Proiektilik edo antzekorik oraindik ez dute aurkitu, baina nola lurperatuta dauden ikusita, tiroz hil zituztela adierazi dute ikertzaileek. Hildako hiru elkarrekin zeuden, eta laugarrena metro batzuetara aurkitu dute.

Hildako lagun baten zapatak egoera onean aurkitu dituzte, eta zapata onak direla ikusita, hiriko gizona zela uste dute. Beste hiruen inguruan gutxi dakite; hil zituzten unean alpargatak jantzita zituztela ikusi dute, beraz, nekazariak edo herriko pertsonak ziren.

Gorpuak atera dituzten lekutik Aranzadi elkartearen Donostiako egoitzara eraman dituzte, ikerketa jarraitzeko. Helburua gorpuak identifikatzea dela esan dute. 2015etik 20 deshobiraketa egin dituzte Nafarroan, 89 gorpu berreskuratuz eta horietatik 24 identifikatuz.