argia.eus
INPRIMATU
Lau gizonezko atxilotu dituzte Asturiasen bi emakume bortxatzea egotzita, bietako bat Bergarakoa da
  • Ostiraletik larunbaterako gauean gertatu zen bortxaketa Gijonen eta komisaldegian salatu zuten bi andrazkoek. Horietako bat Bergarakoa da. Ustezko erasotzaileek igandean deklaratu zuten fiskaltzaren aurrean, eta emakumeek astelehenean egingo dute. Bergarako Martxantera talde feministak kontzentrazioa deitu du 19:00etarako.

Iraitz Madariaga Etxebarria 2021eko uztailaren 26a
Bergarako Martxanterak talde feministaren manifestazio bat. Argazkia: Martxanterak talde feminista.

Bi emakumek salatu dute lau gizonezkok bortxatu egin zituztela Gijonen. Ostiraletik larunbaterako gauean gertatu zen erasoa, eta hurrengo goizeko 6:30etan salatu zuten komisaldegian 22 eta 23 urteko andrazkoek. Biktimetako bat bergararra da.

Larunbatean, Gijongo Poliziak 20 eta 30 urte bitarteko lau gazte atxilotu zituen susmagarritzat. Ustezko erasotzaileek igandean deklaratu zuten fiskaltzaren aurrean, eta azaldu zuten harreman sexualak "baimendutakoak" izan zirela. Baina magistratuak atxiloketa judiziala luzatzea erabaki du, proba faltagatik. El Comercio komunikabideak zabaldu duenez, emakumezkoek astelehenean deklaratuko dute epaitegian.

Adierazi dutenez, Gijongo taberna batean elkartu ziren andrazkoak erasotzaileetako batekin, eta hark ostatu batera joateko proposamena egin zien. Bidean, gizonaren lagun bat hurbildu zitzaien, eta ostatura heltzean, logelan beste bi gizon aurkitu zituzten zain. Lau gizonezkoek segada prestatu, kolpatu eta bortxatu egin zituztela salatu dute bi emakumeek. Ospitalean artatu behar izan zituzten.

Kontzentrazioa Bergaran

Bergaran, Udalak indarkeria matxista kasuetarako ezarritako protokoloa aktibatu du, eta, Naiz hedabideak jaso duenez, bozermaile taldeak dokumentu batean bildu du erasoren aurkako aldarria: “Guztiok agertu behar gara emakumeen aurkako indarkeriaren aurka, gertakari hauek salatuz, ez baimenduz eta haien aurrean isilik ez geratuz, erasoak sufritzen dituztenei laguntza eskainiz, hau da, gure betebehar indibidual eta kolektiboa norbere gain hartuz, eraso matxisten aurrean”.

Bergarako Martxanterak talde feministak erasoa salatzeko elkarretaratzera deitu gaur, arratsaldeko 19:00etan, San Martin plazan.

Gertatutakoak ohiartzun zabalda izan du eta besteren artean, Adrián Barbón Astuariasko presidenteak ere salatu du. Bi emakumeei bere babesa eskaini die, eta azaldu du Asturiasen ezin direla isildu eraso horiek aurrean.