argia.eus
INPRIMATU
A25ean milaka emakume manifestatu berritan
Lau gizon atxilotu dituzte indarkeria matxistagatik asteburuan
  • Azaroaren 25ean justizia feminista eta autodefentsa feminista aldarrikatu zituzten Euskal Herriko hamaika herri eta hiritan, baina erasoek ez dute etenik izan asteburuan: 18, 34, 35 eta 36 urteko lau gizon atxilotu dituzte, indarkeria matxistari lotuta, Tuteran, Tafallan, Errenterian eta Gasteizen, hurrenez hurren.

Leire Artola Arin 2022ko azaroaren 28a
Azaroaren 25ean indarkeria matxistaren aurkako Iruñeko manifestazioa. / Argazkia: Ahotsa.info.

A25 emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako nazioarteko eguna igaro berritan lau gizonezko atxilotu dituzte Euskal Herrian, hedabideek jakinarazi dutenez, horietatik hiru sexu erasoei lotuta eta beste bat bikotekidea jotzeagatik.

Gasteizen 36 urteko gizonezko bat espetxeratu zuten igandean, andre bati sexu erasoa egitea eta lesioak eragitea leporatuta. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren arabera, igande goizaldean gizonak emakumea segitu zuen atariraino, eta han egin zion eraso. Emakumearen bikotekideak, gizonezkoa ere bai, oihuak entzun zituen eta laguntzera joan zen; azken hori jo zuen atxilotutakoak. Ertzaintzak atxilotu zuen erasotzailea, eta espetxeratzea agindu zuen Gasteizko Auzitegiko epaileak.

Errenterian 35 urteko beste gizon bat atxilotu zuen Ertzaintzak, emakume bati sexu erasoa egitea egotzita. Segurtasun Sailaren esanetan, kalean egin zion eraso igande goizaldean, eta bizilagun batek eman zuen abisua. Gizonezkoa ihes egiten saiatu zen, baina ertzainek atxilotzea lortu zuten.

Tuteran 18 urteko gizon bat atxilotu zuten ostiral gaualdean, ostatu batean emakume bati sexu abusu bat egitea egotzita. Aske utzi dute behin-behinean, baina astelehenean epailearen aurretik igaroko da, Berria egunkariak jakinarazi duenez.

Horiez gain, laugarren gizonezko bat atxilotu zuten Tafallan, 34 urtekoa, genero indarkeria delitua leporatuta. Foruzaingoaren arabera, gizonak bikotekidea jo zuen AP-15 autobidean zihoan autobus batean, eta zenbait bidaiari emakumea babestera eta gizona gelditzera altxatu ziren.

Gizonei ardura hartzeko deia

A25ean indarkeria matxistaren “hamaika moduak” salatu zituzten milaka pertsonak, eta Euskal Herriko mugimendu feministak autodefentsa eta justizia feminista aldarrikatu zituzten herri eta hirietako kaleetan. Berretsi dute eraso matxisten aurrean duten jarrera: “Erasorik ez, erantzunik gabe”.

Halaber, aurtengo mobilizazioetan gizonen ardura hartzea eskatu dute: “Dagokizuen ardura hartzeko exijitzen dizuegu. Utzi erasotzaile eta konplize izateari. Azaleko diskurtsoek ez dute balio praktikan ezer ez bada aldatzen”.