argia.eus
INPRIMATU
Hilketak, bilerak, presioak eta amore emateak: lau gertakari Ukrainako sokatiran
  • Alde batetik tenkatu eta besterik lasaitu, hala dabil Ukrainako soka azken asteetan, giroa baretuko dutela diruditen bileren eta egoera tentsionatzen duten gertakarien artean.

Gorka Bereziartua Mitxelena @gorka_bm 2014ko martxoaren 25
Ukrainako eta Errusiako atzerri ministroak lehen aldiz bildu dira azken hilabeteetako krisiaren ostean (argazkia: AP).

Azken egunetako lau albistek ematen dute egoeraren lagin bat:

1) Alexander Muzitxko Ukrainar ultraeskuindarra hil dute tiroz astelehenean. Pravy Sektor alderdiko aurpegi ezagunenetariko bat zen. Militar ohia, Txetxeniako gerran aritutakoa, gatazka hartan soldadu errusiarrak torturatzea eta hiltzea leporatzen zion Errusiako justiziak. Krimen horiengatik haren kontrako ikerketa abian zegoen eta nazioarteko atxilotze agindua eman zuten Errusiako agintariek duela aste batzuk. Rivnen tirokatu dute, Ukraina mendebaldeko hiri batean.

2) Krimean zeuden soldadu ukrainarrei penintsula uzteko agindu die Alexandr Turtxinov behin behineko presidenteak. Joan den asteburuan Ukrainak Krimean zeukan ia ontzidi guztia galdu zuen, baita Belbekeko aireportua eta oraindik Kieveko gobernuaren esku zeuden beste zenbait unitate militar ere. Soldadu errusiarrek eta Krimeako “autodefentsa milizia” delakoek Errusiaren bandora pasatzeari uko egin dioten gerraontzi eta base militar gehienak berenganatu dituzte jada.

3) Ekainean Sotxin egitekoa zen G-8aren goi bilera bertan behera geratu da. Urrats bat gehiago munduko herrialde industrializatuenen taldeak Ukrainako aferari dagokionez hartu duen jarreran. Kanada, Frantzia, Alemania, Italia, Japonia, Erresuma Batua eta AEB ados daude: Errusiak beste modu batera jokatzen ez duen bitartean, hura gabe bilduko dira Bruselan.

4) Errusiako eta Ukrainako atzerri ministroak bildu ziren astelehenean. Bi estatuetako kanpo aferetako agintari nagusiek egin duten lehenbiziko bilera da azken hilabeteetako gertakarien ondorioz Ukrainan Viktor Janukovitxen exekutiboa kanporatu zutenetik eta horren erreakzio gisa Errusiak Krimea bereganatu duenetik. Bileraren ondorioei buruzko xehetasun askorik ez da agertu prentsan. Bai ordea bilera Ukrainak deituta egin dela eta Sergei Lavrov atzerri ministro errusiarrak “nazio mailako elkarrizketa normalak ezartzea” ekarriko luketen urratsak proposatu dizkiola Ukrainako ordezkariari.