Datozen egunetan Espainiako Auzitegi Gorenak Nafarroako lau gazteren aurkako epaia aztertuko du. Egoera horren aurrean eta Urtza Alkorta atxilotu berri dutela, herri harresia eraikitzeko deia luzatu du Eleak mugimenduak.
Iazko ekainean ezarri zieten sei urteko kartzela zigorraren aurrean helegitea jarri zuten Mikel Jimenez, Xabier Sagardoi, Maider Caminos, Aritz Azkona eta Luis Goñi gazteek. Jimenezek kartzelan jarraitzen du, eta gainontzeko lauak aske. Epaitutako gazte nafarrek leporatu zaizkien delituak egin izana ukatzen dute, eta euren aurkako prozesua “jazarpen politikoa helburu” duen operazio baten ondorioa dela diote. Segi eta Ekineko kide izatea leporatzen zaie; eta inkomunikatuta egondako egunetan tortura jasan izana salatu zuten.
Eleak mugimenduak adierazi du epaiketa salbuespeneko politikak ahalbidetutako auzi judiziala dela, ideien kriminalizazioa helburu duena. Bestalde, nazioarteko zenbait eragilek Espainiak adierazpen eta ideologia askatasuna ez duela errespetatzen salatu dutela aipatu du.
Horren harira, bost gazteak babesteko “elkartasun sare herrikoia” eraikitzeko deia zabaldu du Eleakek. Maiatzaren 23an arratsaldeko 18:00etan Iruñeko Txantrea auzoan eskubide zibil eta politikoen alde egingo den herri batzarrean parte hartzeko gonbita luzatu du. Bertan, gerora antolatuko den herri harresiaren forma eta izaera adostuko da.
Nafarroako azken auzi politikoak
Eleakek gogora ekarri ditu, bestalde, Nafarroan azken hilabeteotan izandako auzi politikoak. Batetik, otsailean Burlatako lau gazte epaitu zituzten, torturapean ateratako adierazpenetan oinarrituz Segiko kideak izatea egotzita. Apirilean Ernesto Praten aurkako epaia izan zen, Segiko kidea izatea egotzita baita ere. Hilabete berean, 2009ko Korrikan presoen aldeko kartelak erakusteagatik espetxe zigorra ezarri zieten bost pertsonari. Maiatzean, azkenik, antsoindar baten aurkako epaiketa egin zen.