argia.eus
INPRIMATU
Lau gazte epaitu dituzte Iruñean, Pablo Haselen atxiloketa salatzeko protesten harira
  • Pablo Haselen askatasuna exijitzeko mobilizazioak zirela-eta, bederatzi lagun atxilotu zituen otsailean eta martxoan Espainiako Poliziak, eta guztira hamahiru urte eta sei hilabeteko espetxe-zigorrak eskatzen dituzte haietako laurentzat. 17.000 eurotik gorako isunak ere jarri nahi dizkiete. Asteazkenean izan da haien aurkako epaiketa Iruñean, 09:30ean hasita.

Gedar @GedarLangileKZ 2022ko urriaren 19a
Argazkia: Gedar Langile Kazeta

Eskubide politikoen defentsan, otsailaren 20ko auziperatuentzat absoluzioa! aldarripean, joan den ekainean jakinarazi zuten zein zen Pablo Haselen espetxeratzea salatzeko protesten harira Iruñerrian (Nafarroa) atxilotutako gazteen egoera. Bederatzi lagun atzeman zituzten poliziek otsailean eta martxoan, eta epaitu egingo zituztela jakinarazi zieten haietako lauri. Asteazkenean, urriaren 19an, 09:30ean hasi da epaiketa.

Guztira 17.000 eurotik gorako isunak eskatzen dituzte laurentzat, baina ez hori bakarrik: hamahiru urte eta sei hilabeteko kartzela-zigorrak ezarri nahi dizkiete osotara.

Errepresio hedatua

2020ko otsailean espetxeratu zuten Pablo Hasel rap abeslaria, eta Hego Euskal Herrian ere piztu ziren protestak; besteak beste, Gazte Koordinadora Sozialistak eta lekuan lekuko Kontseilu Sozialistek deituta. Espainiako Estatu osoan berdina izan zen protesta horien kontrako erantzuna: errepresio eta jazarpen polizialaren bidez erantzun zuten mobilizazioen aurrean.

Iruñean, zehazki, otsailaren 20ko iluntzean egin zuten manifestazio bat, Iruñerriko GKSk deituta. Foruzaingoak nahiz Espainiako Poliziak jo zuten manifestarien kontra, eta istiluak izan ziren Iruñeko Alde Zaharrean, Txantrean nahiz Errotxapean.

Gau hartan, bi pertsona atxilotu zituzten poliziek protestetan. Martxoaren 4an, baina, beste zazpi lagun atxilotu zituen Espainiako Poliziak, gertakari horiekin lotuta. Hortaz, bederatzi pertsona atzeman zituzten guztira.