Sarreren Berme Errentak eskaintzen duen babesetik kanpo dago herritar behartsuen laurdena EAEn. Sistemaren funtzionamenduarekiko ezagutza falta edo ezarritako baldintzak ez betetzea dira arrazoiak, Arartekoaren esanetan.
Pobrezian bizi diren familien %30 laguntzen bidez aurrera ateratzen dela adierazi du Arartekoak. %43ri laguntzak iritsten zaizkion arren, ez dira nahikoa pobreziatik ateratzeko. %26 ez da laguntzak eskuratzera iristen.
Sistemaren eraginkortasuna ez da guztizkoa beraz, eta pobrezia egoeran bizi den herritarren ia laurdena babesik gabe gelditzen da. Egun, Sarreren Berme Errenta jasotzen duten 64.190 herritar daude EAEn.
2013an 2.000 pertsona gehiagok eskatu zuen errenta laguntza. 2014ko lehen hiruhilekoan, berriz, 1.373 pertsonakoa izan da igoera.
Kopurua handitzen ari dela adierazi du Arartekoak: batez beste, egunero 20 pertsona gehiagok eskatzen du laguntza mota hau.