argia.eus
INPRIMATU
Voxek lau eta zortzi urte arteko espetxe zigorrak eskatzen dizkie 2019an Bilbon bere aurka protesta egin zutenei
  • Bederatzi lagun epaituko dituzte azaroan, Bilboko Atxuri auzoan Voxen aurka protesta egiteagatik. Gorroto-delitua egozten diete “Voxen hauteskunde-ekitaldi bat oztopatzeagatik”. Fiskaltzak zazpi eta hamalau hilabete arteko espetxe zigorrak eskatzen ditu, eskuin muturreko alderdiak aldiz lau eta zortzi urte bitartekoak.

Julene Flamarique 2024ko urriaren 24a
Voxen aurkako protesta Atxuri auzoan. @Hordago_ElSalto

2019ko azaroan, hauteskunde-kanpainaren harira, Voxek propaganda egiteko postua ipini zuen Enkarnazio Plazan, Atxuri auzoan. Arratsaldeko 17:00ak aldera hainbat pertsona protesta egitera bertaratu ziren, han ziren ere Ertzaintzaren zenbait furgoneta. Poliziak hiru pertsona atxilotu, gutxienez bat zauritu eta beste sei identifikatu zituen “agintearekiko desobedientzia eta Hauteskunde Legea urratzea" leporatuta.  Bost urte igarota, azaroaren 18,19 eta 20ean izango dute epaia, eta fiskaltzak zazpi eta hamalau hilabete arteko espetxe zigorrak eskatzen ditu beren aurka. Ultra eskuineko alderdiak akusazio partikular gisa aurkeztu du bere burua, eta 4 eta 8 urte bitarteko kartzela-zigorrak eskatzen dizkie.

Auzipetutako pertsonen aldeko talde bat sortu dute Bilbon, “Voxen ideologiari eta jarduerari aurre egiteko urratsa eman zuten pertsonei elkartasuna eta babesa adierazteko, migratzaileei, emakumeei, baztertuei, hizkuntza gutxituei eta sexu- eta genero-aniztasunari babesa eman zieten diskurtso faxisten aurrean” .

Alderdi faxistek “inon lekurik izan ez dezaten” aldarrikatu du plataformak, “are gutxiago Atxuri bezalako langile-auzo batean”. Horrez gain, auzipetuei “elkartasuna adierazteko” eta "faxismoaren aurkako elkarte guztiak batzeko” elkarretaratzea deitu dute azaroaren 6rako, 19:00etan gertakariak jazo ziren leku berean, Atxuriko plazan.

Elkartasun taldeak azaldu duenez, Vox “egunero zapaltzen gaituen sistemaren elementurik ikusgarriena da”, eta “icebergaren punta”. “Etxeko argiaren prezioa igotzen digun oligopolio energetikoa” edo “indarkeria matxista erreproduzitzen duten indar mediatiko eta politikoak” ere “iceberg” parte horren direla adierazi du. Honen aurrean bizitza “merkatu kapitalistaren logika suntsitzailearen gainetik” ipintzeko beharra azpimarratu du.