argia.eus
INPRIMATU
Lau egunez, euskara esparru guztietara eramango dute Agurainen
  • "Konplexurik gabe" euskaraz bizitzeko aukera naturaltasunez egitea du helburu '75 ordu euskaraz' ekinaldiak.

Anakoz Amenabar @anamenabar Arabako Alea @ArabakoALEA 2016ko maiatzaren 11
Argazkia: Arabako Alea.

Posible al da Agurainen euskaraz hitz egitea? Etenik gabe, lau egunez? Denda, taberna eta eguneroko txoko guztietan hitz egitea? Hori izango dute erronka azaroaren 8, 9, 10 eta 11n, eta horretarako lehendabiziko pausoak ematen hasi dira; ezagutzera eman eta konpromisoak batuko dituzte udazkena bitartean.  

Ez da jai bat izango, ezta jardueraz beteriko lau egun ere, antolatzaileek azaldu moduan. Egunerokoan euskaraz bizi ahal izateko ekinaldia da  aurkeztutakoa. "Euskarazko ohiko elkarrizketa solteak alde batera utzita, gure herria euskararen arnasgune oso bat izango da", aipatu du ekinaldiko sustatzaile Unai Olaldek.  Eguneroko esparru guztietara eraman nahi dute euskara. "Lantegian, garagardo bat hartzean, ogia erostean... esperientzia kolektiboa izango da". Aurkezpena egiteko aukeratu moduan, azoka egunarekin emango diote hasiera azaroaren 8an –asteartero izaten da– eta lau egunez luzatuko dute erronka.

Konpromiso bila

Egun horien aurretik, asmoa iragarri, informatu eta taldeak prestatzen hasi dira. "Eta, garrantzitsuena, herritar eta bertako kolektiboekin harremanetan jarriko gara, horien konpromiso sinbolikoa ere eskatzeko", azaldu du sustatzaile taldeko kide Nata Lafuentek. Lehendabiziko bilera izan zuten joan den astean eta dagoeneko 65 bat lagunek eman diote babesa ekinaldiari, eta beste horrenbeste lagunen konpromisoa batu nahi dute datozen asteotan. "Aguraindarrek euren konpromisoa sinatu ahal izango dute horretarako prestatu ditugun triptikoetan", azaldu dute antolatzaileek. Konpromisoa onartzen duten guneek zigilu identifikatibo bat jasoko duten euren negozioetan jarri eta herritarrek euskaraz egiteko aukera dutela jakin dezaten. "Helburu nagusia euskara sustatzea bada ere, helmuga hurbilena herritarrek euskaraz bizitzeko euren berezko hautua gauzatzea da komunikatzen diren pertsona guztiekin, inolako konplexurik gabe", nabarmendu du Olaldek.

Hala, hainbat boluntario izango dira azarora bitartean lanean; euskaldunak ahalduntzeko eta aktibatzeko lanetan eta Agurain herria bera prestatzeko lanetan. 

Araban, lehen aldiz

Euskal Herrian ez da lehenengo aldia antzeko zerbait antolatzen dutena. Kanpaina honek aurreko urteetako "15 ordu euskaraz" ekimenak ditu oinarri. Donostiako Egia auzoak, esate baterako, Aguraingoaren antzeko ekinaldia antolatu zuen, eta euren aholkuak jaso dituzte Arabako lehen esperientzia aurrera eramateko. Haiekin hasi zuten datozen hilabeteetan jarraituko duen hitzaldi zikloa.

Erronka posible dela uste dute antolatzaileek, eta lortuko dutela lau egunez euskaraz egitea, baina baita ordutik aurrera ere.  "Esperientzia honek ez du amaierarik izango; gure hizkuntza ohiturak euskararen alde irauli nahi ditugu".

Albiste hau Arabako Aleak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra