argia.eus
INPRIMATU
Lau eguneko lan-asteari ekingo diote Britainia Handiko hainbat enpresak
  • Soldatak mantenduz, lau egunera murriztuko dute lan-astea Britainia Handiko hainbat enpresek. Proiektu pilotuak sei hilabete iraungo ditu eta aztertuko dute nola eragiten duen produktibitatean, langileen ongizatean, ingurumenean eta genero berdintasunean.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2022ko urtarrilaren 18a

Ekainean abiatuko dute proiektu pilotua eta 30 bat enpresak bat egitea espero dute. Dagoeneko seik eman dute baiezkoa, tartean 140 langile inguru dituen Canon Medical Research Europe-k.

Tailerrak, tutoriak, harreman sareak eta lanaldia murriztearen inguruan egin diren ikerketak izango dituzte enpresek, lagungarri. Hainbat adituren zeregina izango da prozesu honetan aztertzea nola eragiten dion lan-aste berriak produktibitateari, langileen ongizateari, ingurumenari eta genero berdintasunari.

Islandian, “erabateko arrakasta” lortu du lau eguneko lanaldiak

Proba modura, 2015 eta 2019 artean lau eguneko lan-astea egin zuten Islandiako hiriburuko Udalean eta administrazio publikoari lotutako hainbat lanpostutan –40 ordu egitetik 35-36 ordu egitera pasa ziren, soldatak mantenduz–: denera 2.500 langilek hartu zuten parte, lanerako adinean diren herritarren %1ak. Esperimentua “erabateko arrakasta” izan dela jakinarazi zuten iaz; produktibitatea mantendu edo igo egin zen, estresa gutxitu, eta bizitza pertsonalarekin kontziliatzea erraztu zuen.

Emaitza onak ikusita, pixkanaka lau eguneko lan-astea herrialde osora zabaltzea da asmoa, eta bide horretan ari dira lanean sindikatuak eurak ere.

Valentzian, lau eguneko lan-astea bultzatzeko laguntzak

Munduko beste hainbat lekutan ere ari dira antzeko proba pilotuak egiten, Zeelanda Berrian kasu. Espainiako parlamentura eztabaida eraman nahi Más País alderdiak, eta Valentziako erkidegoan prest dute dena, soldatak mantenduz lanaldi murriztuari ekiteko. Asmoarekin bat egiten duten enpresek laguntza ekonomikoak izango dituzte, lanaldia murrizteagatik izango duten lan-koste gehigarria orekatzeko –hiru urtetarako 10 milioi euroko diru-poltsa du Valentziako Gobernuak, proiekturako–. Formazioa ere jasoko dute enpresek, eta helburua da langileen osasuna hobetzea, kontziliazioa erraztea eta ingurumenean positiboki eragitea.

“Lanaren etika birpasatzea beharrezkoa da, osasuntsuagoa izango den lan eredu baten bidean”, esan dute Gobernutik.