argia.eus
INPRIMATU
Enpresa
Lau eguneko lan astea (II): lan ordu gehiago, produktibitate gutxiago
  • Espainiako eta Frantziako Estatuetan, beste herrialdeekin alderatuta, lan ordu dezente gehiago egiten dira urtean. Danimarkan, esaterako, Hego Euskal Herrian baino 230 ordu gutxiago egiten dira, eta produktibitatearen indizea Europako altuenetakoa dute danimarkarrek. Espainiako Estatuaren indizea batezbestekoaren azpitik dago.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2023ko urriaren 24a
Artxiboko irudia, Gureak-en fabrika batean. Dani Blanco / ARGIA CC BY SA

Lan orduak, ongizatea eta lan-osasuna. Hiru kontzeptuak elkarri loturik daude. Eta enpresarien ikuspegitik bada laugarren puntu bat: produktibitatea. Frogaturik dago lanaldi luzeek lan-istripuak izateko aukerak areagotzen dituztela, eta horrez gain, Espainiako Estatuan hainbat txostenek bistaratu duten moduan, lanaldi luzeak eta produktibitatea alderantziz proportzionalak dira. Hau da, produktibitatea jaitsi egiten dela geroz eta lan ordu gehiago eginda.

Espainiak arazo larria dauka produktibitatearekin, eta Lan ministeriotik sarritan esan dute azken urteotan lan ordu kopuruak jaitsi egin behar direla, baina ez da neurri nabarmenik aplikatu. OCDEk emandako azken datuen arabera, Espainiako Estatuan, batez beste, 1.577 ordu egiten dira lan urtean. Hain justu ere Alemanian baino 240 ordu gehiago. Egunetara ekarrita, zortzi orduko 30 lanegun dira horiek.

Danimarkan, esaterako, Espainiako Estatuan baino 230 ordu gutxiago egiten dituzte lan urtean, eta Erresuma Batuan 210 ordu gutxiago. Frantziako Estatuarekin alderatuta, murritzagoa da aldea: 90 ordu gehiago Espainiako Estatuan.

Produktibitatea: kezkatzeko motiboa

Europar Batasuneko 27 estatukideen artean, Espainian egiten da lan ordu gehien, eta produktibitateari erreparatuta, Eurostat-en arabera, Europako batezbesteko produktibitate indizea 100 puntukoa baldin bada, Espainiakoa zifra 95ean dago. Frantziarena, berriz, 114ean.

Erreparatu orain beste aldeari: Irlandako produktibitatea 218koa da, altuena alde handiz, eta Espainiako Estatuan egiten diren antzerako lanaldiak dituzte. Aldiz, Luxenburgon, Espainian baino 200 ordu inguru gutxiago egiten dira urtean, eta produktibitatearen indizea 163koa da.

Satisfazio laborala

Produktibitateari estuki lotua dago lanera “gustura” joatearen ideia, satisfazioa. Gustu txarrez joatea gauza bat da, eta bestea Covid-19aren ostean zabaldu den Dimisio Handia deituriko fenomenoa: langileak beren lana borondatez uzteko joera, lanean gustura ez dagoelako edota eskaintzen zaizkion baldintzak eskasegiak iruditzen zaizkiolako. Kapitalarentzat krisi handia bihur daitekeen kontua da.

Espainiako Estatuan lautik bat "atsekabe handiz" doa lanera; Europan, hamarretik bat

Arrazoi horiexengatik lana uzten dutenak zifretara ekartzen dira aspalditik. Bada, lan egitearen "satisfazioari" erreparatuta, Espainiako Estatuko datuak beldurgarriak dira, 2001etik izan dituen okerrenak, eta EBko herrialdeekin konparatuta, nabarmen txarrenak. Eurostat-ek egindako azken txostenaren arabera, Espainiako Estatuko lau langiletik batek adierazi du “atsekabe handiz” joaten dela lanera. EBko batezbestekoa, hamarretik bat pasatxo da.

Osasun mentala jomugan

Ezbairik gabe, lanpostua eta lana kudeatu eta jasateko erak eragina du langileen osasunean. Osasunaren Mundu Erakundeak informatu izan du gaiaren inguruan. Horrez gainera, hainbat institutuk esana dute enpresak lehiakorragoak direla haien langileen osasun hobea baldin badute.

Espainiako Lan Ministerioaren txostenaren arabera, azken urtebetean hamar langiletik bederatzik esan dute estresa jasan dutela –12 milioi eta erdi biztanle dira horiek–, eta hamarretik lau estresaturik bizi da era jarraitu batean. Estresa, oro har, 45 urtez azpikoetan gertatzen da, bereziki emakumezkoetan. Denbora falta argudiatzen dute gehienek, eta nekea eta lo falta ere bai. Hamarretik zortzik arazoak ditu familia kontziliaziorako.