argia.eus
INPRIMATU
Politika
Lau eguneko lan astea (eta III): enpresarien ezetza eta Espainiaren bertsio ‘light’-a
  • Erabaki politikoak diren heinean, politikariek ez ezik, enpresariek eta patronalek ere izango dute zeresana. Enpresa handiak ez daude ados, eta telelana deuseztatu nahi dute gainera. Espainiako Gobernu berriak gaiari heltzeko keinu txiki bat egingo du lanaldia 37,5 ordura jaitsita, eta Jaurlaritzak datorren urtean jarriko du lau eguneko lan astearen proiektu pilotua.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2023ko urriaren 25
Artxiboko irudi bat protesta batzuena, 2018an.

Sektore bakoitza mundu bat dela eta negozio eredu bakoitzaren beharrak ezberdinak direla diote enpresariek, ez direlako gauza bera bulegoan egin daitezkeen hainbat ofizio, tailerreko makina baten aurrean egin daitezkeenak edota ostalaritza bera. Turismoarena beste fazeta bat da, planteatu beharko litzatekeena, eskariak baino eskaintza sortu nahiak ezartzen dituelako baldintzak. Edo kultur-politiken kasuan, gehiago irakurtzea, zinera gehiago joatea, museoak gehiago bisitatzea... bultzatu nahi bada, zergatik ez denbora gehiago eskaini jendeari? Agian horixe izan daiteke kultur-politikarik efikazena. Gauza bera larrialdi klimatikoari aurre egiteko politiketan. Emaitzak agerian geratu dira Valentzian egin duten probaldian: jaiegun izendatu den astelehenean %50 gutxiago kutsatu da nitrogeno dioxidoa lan egin den astelehenean baino.

Termino ekonomikoetan eztabaida dago, ea soldatak mantentzea noren ardurapean dagoen. Enpresa batzuk iradoki dute lau asteko lanaldia jartzekotan, eta soldatak mantentzekotan, ea bosten bat erakundeek finantzatuko luketen.

Zer diote enpresariek?

Valentziako Udalak eginiko txostenean parte hartu duten enpresariek diotena da, probaldiaren emaitzak baloratu aurretik, langileen %56a “egon” egiten dela lanpostuan uneren batean edo gehiagotan. Alegia, langileak ez direla enpresariek nahi bezain produktiboak. Horri erantzuteko ere sortu zen probaldia, “denbora pasa” une horiek murrizteko.

KPGM inkesta-etxeak Espainiako Estatuko enpresa handietako kontseilari ordezkariak galdekatu ditu uda ostean, eta datu interesgarriak bistaratu dira, finean, enpresa handiek erakundeei presio egiteko duten gaitasuna bereziki azpimarragarria delako. Hasteko, horiei kasu egingo bazaie, ahaztu lau eguneko lan asteaz: enpresa handietako kontseilariek produktibitatea igo nahi dute ordu kopuru bera eginda, eta bulegotik bertatik, etxetik lan egiteko aukerak ahalik eta gehien murriztuta.

Are gehiago: bulegora itzultzea “saritu” nahi dute. Inkestan parte hartu duten hamarretik bederatzi enpresari prest leudeke ordainsari gehigarriak eskaintzeko telelana utzi eta bulegora bueltatzen direnei, haien aburuz, telelanak “dezente apaldu” duelako langileen produktibitatea.

10etik 9 enpresari prest leudeke ordainsariak eskaintzeko telelana uztekotan

Telelana desagertzea, gainera, ez dute zerbait utopikotzat jotzen. Hamarretik ia zortzi konbentzituta daude bulegoetara itzuliko direla langile guztiak hiru urteko epean.

Zer diote politikariek?

Valentzian eginiko probaldira itzulita, bistan geratu da emaitza zinez interesgarriak eman dituela lau eguneko lanaldiak, bereziki langilearen ikuspegitik begiratuta –ariketa fisiko gehiago egin da, estresa gutxitu edota kontziliaziorako aukerak erraztu dira–.

Etorkizunean izan ditzakeen onurak agerikoak dira. Hori kontutan izanda, erabakiak hartu behar dituztenak politikariak dira, gobernu zentralak, enpresarien presioak jasanda. Espainiako Gobernuaren barnean, iradokizun argienak Podemosen eta Sumarren bueltatik heldu dira, eta PSOEk hartu duen jarrera pausatuagoa da. Gizarte Segurantzako jarduneko ministroak esana du eztabaida horri “enplegu betea dagoenean” heldu behar zaiola, eta ez lehenago.

Dena dela, bide horretatik doan zerbait adostu dute PSOEk eta Sumarrek, Espainiako Gobernu osaketarako: 2024an 38,5 ordukoa izatea lanaldia, 2025ean 37,5ekoa, eta aurrera begira, helburu gisa, 35 ordukoa izatea. Mugarria izango da neurria; izan ere, duela 40 urte ezarri zen 40 orduko lan astea, eta ordutik ez da aldatu.

Lau eguneko lan astearen ideia mahai gainean jarri du Sumarrek negoziazioetan, baina muzin egin zaio.

Espainiak duela 40 urte ezarri zuen 40 orduko lan astea; ordutik ez da aldatu, hainbat sektoretako hitzarmenetan ez bada

Araba, Bizkaian eta Gipuzkoan, proiektu pilotua

Era orokortuan ez bada ere, eta detaileak fintzeko dauden arren, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan datorren urtean martxan jarriko da lau eguneko lan astearen proiektu pilotua. Jaurlaritzako Lan eta Enplegu sailak Elkarrizketa Sozialerako Mahaian egin zuen proposamena, eta CCOO eta UGT sindikatuen baiezkoa jaso zuen; mahaiaren hirugarren hankak, Confebask patronalak, ezezko argia eman zuen. Datorren urtearen hasieran batzartuko da berriz Elkarrizketa Sozialerako Mahaia, eta Valentzian egin denaren antzerako zerbait planteatuko dela aurreikusten da.