Soldatak mantenduz, lau egunera murriztu dute lan-astea Britainia Handiko 73 enpresek, sei hilabete iraungo dituen proba pilotuan. Parte hartzen ari diren enpresek erantzun duten inkestaren arabera, produktibitatea ez da jaitsi, oso gustura daude esperientziarekin eta litekeena da proba pilotuaren ostean lau eguneko lan-astea mantentzea.
Gai honi lotuta orain arte egin den ikerketarik handienetakoa da eta proba pilotua azaroan bukatuko da. Orduan jakinaraziko dituzte emaitzak, aztertzen ari baitira lan-aste berriak nola eragiten dion produktibitateari, langileen ongizateari, ingurumenari eta genero berdintasunari.
Dena den, dagoeneko inkesta bat egin diete parte-hartzaileei eta 73 enpresetatik 41ek erantzun dute. Horietatik 35ek adierazi dute ziurrenik lau eguneko lan-astea mantenduko dutela esperientzia pilotua bukatu ostean ere. 41 enpresetatik, bik izan ezik gainerako guztiek ziurtatu dute bost eguneko jardunean zuten produktibitate bera mantentzen dutela edo hobetu egin dela. Eta sei enpresen arabera, produktibitatea nabarmen hobetu da, jarduna murriztearekin batera.
Enpresetako buruek diote antolamendu berriak denbora gehiago eman diela langileei ariketa egiteko, kozinatzeko, senide eta lagunekin denbora pasatzeko… eta beraien ongizatea hobetzeaz gain, lanera energia handiagoarekin doazela, produktiboago direla lanorduetan.
3.300 langile baino gehiago ari dira parte hartzen proba pilotuan, arlo ugaritakoak: banketxeak, marketina, arreta medikua, finantza zerbitzuak, merkataritza, industria…
Islandian ere egina dute proba, urteak iraun dituena gainera, eta “erabateko arrakasta” izan da, kontatu genuenez.