argia.eus
INPRIMATU
Lau egun eta 75 ordu euskaraz Agurainen: “Hau hasi baino ez da egin”
  • Joan den maiatzean hasi ziren antolatzen Agurainen 75 ordu euskaraz jarduteko ekimena. Hilaren 8tik 13ra iraun zuen eta antolatzaileek ondoko kronika egin dute azken egunetan eta amaiera ekitaldian bizi izandakoaz.

ARGIA @argia 2016ko azaroaren 14a
Agurainen 75 ordu euskaraz ekimenaren amaiera ekitaldia. (Arg.: Nik75)

"Asteartean arratsaldeko 17.30ak aldera lehertu zen txupina Aguraingo zeruan 75 orduei hasiera emanez. 280 aguraindarrek euskaraz bizitzeko nahia erakutsi eta egun horietan hala egingo zutenaren konpromezua hartu zuten. Eta herriak halaxe egiteko baimena eman zuen.132 komertzio, taberna, elkarte eta establezimenduk euskarari trabarik jarri gabe bezeroak hartatuko zituztela zin egin zuten, nahiz eta kasu batzuetan beraiek hizkuntza ez jakin. Ostiralean, hilaren 11n, arratsaldeko 20.30ean eman zitzaion amaiera ekimenari modu xume  polit eta hunkigarrian; 200 lagunekin argazki kolektibo bat eginez.

Kanpainak kolore bat izan badu berdea izan da hori. Berdez jantzi dira lau egunotan Aguraingo kaleak eta berdez jantzi nahi izan zen ostiralean San Juan enparantza ere. Lurrean marraztuta 75 handi bat, eta inguruan jende andana linterna bat eskuan zuela instrukzioen zain. Halako batean eliza ataritik globo berdeak atera ziren. Bakoitzari bana eman eta hauxe agindua: jar zaitezte 75aren barruan, osa dezagun 75 berde erraldoia!! Esan eta egin.

Tente-tente, zintzo-zintzo jarri ziren denak eta prest zeudela zera entzun zen bozgorailuetatik: piztu linternak, eman argia euskarari!! Eta hortxe osatu zen 75 berde argitsu ederra.

Baina hau ez zen amaiera izan. NIK75 konpromezua hartu zuen bakoitzak badu bere barnean 75 berde argitsu eder hori. Asteartean gogotsu eta pozik atera ziren kalera aguraindarrak. Euskaraz okindegira, loradendara, tabernara, gasolindegira zein harategira. Eta pozik egin zituzten asteazken goizean erosketak, euskaraz inolako arazorik gabe egin zituztelako. Hori da sentsazio orokorra momentu honetan: poza, gogoa eta ilusioa. Bakoitzaren hausnarketaren garaia iritsi da. Erronka indibiduala, lau egun hauetan egin den bezalaxe geure buruari jarritako mugen gainetik pasa eta euskaraz bizitzearen aldeko erronka. Hau hasi baino ez da egin".