argia.eus
INPRIMATU
Lau ebakuntza jasan dituen migratzaile batek gaua kalean pasa behar izan duela salatu dute
  • Gurutze Gorriak kudeatzen duen migratzaileentzako Irungo zentroak bertan geratzeko erabiltzen dituen irizpideak murriztaileak direla salatu izan du Harrera Sareak. Orain arteko “kasurik larrienetakoa eta ankerrenetakoa” plazaratu dute, lau ebakuntza egin zizkioten Ibrahimak bizpahiru asteko ebakuntza-ondorengoa behar zuela eta gaua kalean pasa behar izan zuela kritikatuz. Gertatutakoaren kronologia egin du Irungo Harrera Sareak.

ARGIA @argia 2021eko irailaren 14a
Hainbat migratzaile, Irungo Harrera Sareko kideekin.

Hiru egunetan lau ebakuntza egin zizkioten Ibrahimari, eta infekzio arriskuagatik, bizpahiru asteko ebakuntza-ondorengoa –eta artatzea– adostu zuen Irungo Eskualde Ospitaleak Irungo Hilanderas zentroa kudeatzen duen Gurutze Gorriarekin. Ibrahimak baina, kalean pasa zuen gaua. Eusko Jaurlaritzako Migrazio eta Asilo zuzendariari deitu zioten Harrera Saretik, ea zer gertatu zen jakiteko, eta bere osasun-egoerarako egokiagoa den gune batera eraman zutela ziurtatu zien. Gune hori Zubia egoitza da, lanegunetan 19:00etatik 21:00etara itxita eta asteburuetan 9:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 21:00etara ere itxita dagoena; alegia, “muga garrantzitsuak dituen gunea”, Harrera Sarearen hitzetan.

Ibrahimak berak Harrera Sareari kontatu dionez, Gurutze Gorriko arduradunek esan zioten Hilanderas zentroan ezin zuela geratu eta Zubiara joateko. Iritsi zenerako egoitza itxita zegoela-eta, gaua kalean pasa zuen. Hurrengo egunean Frantziarako bidea egiten saiatu eta berriz ere kalean egin zuen lo. Espainiako Poliziak atxilotu eta egoera ikusirik ospitalera eraman zuten, hemorragia bat tratatu behar izan ziotelako. Ondoren, Zubiara eraman zuten.

Gogor mintzatu da Irungo Harrera Sarea: “Hiru urte baino gehiago daramatzagu iragaitzazko migratzaileei Gurutze Gorriak kudeatutako Hilanderas gunean sartzeko aplikatzen dizkieten ‘irizpide’ murriztaileak salatzen. Salatu behar dugu ia egunero pertsona bat edo bi kalean geratzen direla, publikoak ez diren ‘irizpide’ hauengatik, Hilanderas gunean plaza libreak egonda ere”.