argia.eus
INPRIMATU
Lau burlatarrek presoen aldeko brindisagatik Madrilen deklaratu behar dutela salatu dute
  • Abenduaren 17an deklaratu beharko dute Madrilen Burlatako alkate Txema Noval (Cambiemos Burlada) eta hiru herritarrek ustez “terrorismoa goratzeagatik”.  Nahiz eta, aurkako akusazioa zein den ez jakin, ez baitiete arrazoi zehatzik eman, uste dute abuztuaren 14ean, herriko jaien lehen egunean, presoen alde egindako brindisagatik dela.

Asier Arrate Iruskieta @AsierArrate 2015eko azaroaren 26a
Herriko elkarteekin batera egin dute agerraldia akusazioa salatzeko. Arg: EH Bildu Burlata

Herriko elkarteekin batera egindako agerraldian Itxaso Torregrosak, inputatuetako batek, adierazi du “onartezina” dela akusatuen aulkian eseri behar izatea herritarrek urte luzez antolatu duten ekintza batengatik. Azpimarratu du udala kriminalizatzea “eskandalua” dela, ez duelako ekitaldia antolatzen edo finantzatzen. Gogoratu du berdinagatik deklaratzera deitzen dituzten bosgarren urtea dela, eta aurten espero dutela epaiketa heldu aurretik kasua artxibatzea.

Torregrosak salatu du akusazioa “gehiegikeria” dela, eta adierazi nahi dute “elkartasuna ez dela delitua”. Herritar askok defendatzen dituztela presoen eskubideak Burlatan, eta urtero hartzen dutela parte brindisean gaineratu du.

Burlatakoarekin batera, irailetik hona beste lau udal deitu dituzte deklaratzera Espainiako Auzitegi Nazionalera antzeko akusazioengatik: Tafalla, Irunberri, Goizueta eta Bakaiku.