argia.eus
INPRIMATU
Lau atxilotu Senperen, ustez higiezinen agentzietan pintaketak egiteagatik
  • Frantziako Poliziak lau gazte atxilotu ditu. Euskal Irratiak jakinarazi duenez, ustez higiezinen agentzietan egindako pintaketekin dute zerikusia atxiloketek. Asteazken arratsaldean elkarretaratzea deitu dute Herriko Etxearen aurrean, 19:00etan.

ARGIA @argia 2022ko ekainaren 22a
Argazkia: Euskal Irratiak

Euskal Irratiak eman du albistea goizeko 09:30ak aldera, Twitter bidez. Bertan jasotzen denez, lau gazte dira Frantziako Poliziak Senperen (Lapurdi) atxilotutakoak, eta ustez atxiloketek lotura lukete higiezinen agentzietan egindako pintaketa batzuekin. Kazeta.eus-ek publiko egindako informazioaren arabera, higiezinen agentziatan pintaketak egitea ez ezik, "gaizkile taldeko kide izatea" eta "heriotza mehatxuak egitea" ere leporatzen diete. Hedabide horrek jakin duenez, atxilotutako lauak Senpereko besta komiteko kide dira.

Atxiloketak salatzeko, asteazkenean elkarretaratzea deitu dute Senpereko Herriko Etxearen aurrean, 19:00etan, "Utz gazteria bakean. Errepresiorik ez, atxilotuak askatu!" lelopean.

Pintaketak

Kazeta.eus-ek zehaztu duenez, atxiloketen arrazoi diren pintaketak iazko azaroaren 19an eta martxoaren 22tik 23ko gauez egin zituzten. "Gaur tindua, bihar bonbak", "Euskal Herria ez da salgai" eta "Euskal Herrian bizi nahi dugu" esaldiak idatzi zituzten.

Hedabideak gogorarazi du apirilaren 6an Hazparnen, Itsasun eta Bordelen atxilotutako gazte lapurtarrei ere higiezinen agentzietan pintaketak egitea leporatzen zietela, nahiz eta polizia-etxetik pasa ostean kargurik gabe aske utzi zituzten.