Nazioarteko agintari gehienek gaitzespen mezuak zabaldu dituzte sare sozialetan, eta babesa adierazi diote Lula da Silva presidenteari. Jair Bolsonaro defendatu duten eskuineko kargudun batzuek ere salatu dute kolpea.
Latinoamerikako ezkerreko agintariek “faxismoaren kolpetzat” izendatu dute Brasiliako erasoa, eta gaitzespen mezuak igorri dituzte. Lula da Silvari eta brasildarrei elkartasuna adierazi diete. Besteak beste, Kolonbiako presidente Gustavo Petrok ohartarazi du eskuinek ezin izan dutela mantendu “indarkeriarik ezaren hitzarmena”. Gehitu du Amerikako Estatuen Erakundea (AEE) biltzea “premiazkoa” dela, “instituzio gisa bizirik jarraitu nahi badu, eta Demokrazia Gutuna aplikatu nahi badu”.
Txileko presidente Gabriel Boricek ere “demokraziaren kontrako eraso” gisa definitu du bolsonaristen kolpea: “Brasilgo Gobernuak gure erabateko babesa du, demokraziaren aurkako eraso koldar eta mespretxagarri honen aurrean”. Venezuelako presidente Nicolás Maduro kolpisten aurka mintzatu da, eta haien indarkeria gaitzetsi du; egileak “Bolsonaroren talde neofaxistak” izan direla salatu du.
Mexikoko presidente Andrés López Obradorrek kritikatu du “kontserbadoreen kolpe saiakera” hori bultzatu dutela “botere oligarkikoaren goi-kargudunek, bozeramaileek eta fanatikoek”. Gogorarazi du Lula ez dagoela bakarrik: “Indar aurrerakoien babesa dauka, bere herrialdekoena, Mexikokoena, amerikako kontinentekoena eta mudukoena”. Argentinako presidente Alberto Fernándezek ere nabarmendu du “nazioarteko komunitatearen arbuioa” eta “zigor legala” izan behar direla erasoaren erantzunak.
AEEko idazkari nagusi Luis Almagrok demokraziaren aurkako ekintza “gaitzesgarria” dela salatu du, eta “aitzakiarik gabeko” eta “izaera faxistako” erasoak direla azpimarratu du. Celac Latinoamerikako eta Karibeko Estatuen Komunitateak ere babes osoa adierazi dio Brasilgo Gobernuari, “Brasilgo herriak hautatutako gobernuari”. AEBei dagokienez, Joe Biden presidenteak “demokraziari eginiko erasoa” salatu du, eta Lularekin “lanean” segitzeko asmoa berretsi du.
Gertuago etorrita, Nazio Batuen Erakundeko (NBE) kanpo harremanetako goi kargudun Josep Borrellek elkartasuna adierazi die Brasilgo instituzio demokratikoei: “Diferentzia politikoak konpontzeko tokia Brasilgo instituzio demokratikoak dira, eta ez kaleko indarkeria”.
Euskal Herrian ere salatu dute kolpea. Gorka Elejabarrieta EH Bilduko senatariak azpimarratu du ezin dela onartu “demokraziaren aurkako beste olatu bat”. EAJk ere “irmotasun osoz” gaitzetsi du “legez kontra” egin den erasoa, eta “normaltasun demokratikoa berehala erabat berrezartzeko” eskatu du.
Frantziako Estatuko presidente Emmanuel Macronek, baita ere, eskatu du errespetatzeko “Brasilgo herriaren nahia”, eta Lulari gogorarazi dio Frantziaren laguntza duela. Espainiako Estatuko presidente Pedro Sánchezek “normaltasun demokratikorako berehalako” deia egin du Twitter bidez. Sánchezen mezu horri erantzun dio PPko idazkari nagusi Cuca Gamarrak: “Zurekin, orain Espainian hau desordena publiko sinple bat da”. Sedizio delituan egindako erreformari egiten dio erreferentzia Gamarrak. “Arriskutsutzat” jo du mezua PSOEko bozeramaile Pilar Alegríak, eta esanak zuzentzeko eskatu du.
Eskuineko eta eskuin muturreko kargudunen gaitzespen mezuak ere jaso ditu Brasilgo kolpe saiakerak. Besteak beste, Voxeko idazkari nagusi ohi Macarena Olonak gogor kritikatu du: “Ez da herritarren altxamendu bat. Kolpismoa da. Demokraziarik gabe ez dago askatasunik”. Gogora ekartzekoa da Voxeko presidente Santiago Abascal eta eurodiputatu Hermann Tertsch Bolsonarorekin izan zirela 2021an; hiru eguneko bisita egin zuten presidentearen egoitzara Voxeko ordezkariek. Eskuin muturreko taldeak berak onartzen du “laguntasun handia” duela Abascalek Eduardo Bolsonarorekin, presidente ohiaren semearekin.
Tertschek "Brasiliako indarkeria" salatu du, baina zera gehituta: "Brasiliako indarkeria gaitzesten dut, Iberosferako ezkerraren indarkeria kasu larriagoak eta oso ohikoak gaitzesten ditudan irmotasun berarekin. Lula, Sánchez, Petro, Maduro, Evo zein Boric konplize dira muturreko indarkeria, bandalismo, terrorismo eta estatuko krimenena". Astelehen eguerdian, oraindik ez dute adierazpen ofizialik egin Voxen izenean Brasilgo kolpeaz.