argia.eus
INPRIMATU
Lehortea
Lastoa ganadua elikatzeko erabiltzea eskatu dute Nafarroako abeltzainek, ez biomasa bezala erretzeko
  • Nafarroa hegoaldeko nekazal lurrek bizi duten egoera aztertzeko bildu da hirugarrenez lehortearen mahaia. Gari eta garagar uzta ia galdutzat eman da, denera 40.000 hektarea izan litezke, eta nekazal sindikatuek laguntza fiskalak ez ezik, zerealen lastoa ganadutarako erabiltzea proposatu dute, biomasa bezala erre beharrean.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2023ko maiatzaren 03a
Accionak Zangotzan duen biomasa plantan 160.000 tona lasto erretzen dute urtean. Argazkia: Acciona

Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko Departamentuaren Iruñeko egoitzan, lehortaren mahaia bildu da astearte honetan, lehorteak eragindako egoera gero eta larriagoari nola aurre egin aztertzeko.

Erriberan eta Nafarroa Erdialdean sekain lurren –ureztatzen ez direnen– zati handi bat galdutzat jo dute eta jadanik 40.000 hektarea lirateke "oso kaltetuak", Nafarroako Gobernuak aditzera eman duenez. Batez ere garia eta garagarra hartzen dituzteb lurrak dira.

Ureztatzen diren 119.000 hektareak, berriz, egoera diferentean daude: Itoizko urak hartzen dituzten 30.000 hektareak "erabateko bermea" dute; baina ura Esatik hartzen dutenek zailtasun handiagoak izango dituzte, urtegia %55 baitago beteta soilik –azken hogei urteetako mailari baxuena–. Horrek eragin du Bardeako Kanalak iaz zeraman uraren erdia baino ez eramatea, Ebroko Konfederazio Hidrografikoak ezarritako murrizketen ondorioz.

Espainiako Gobernuko Nekazaritza ministerioa dekretu bat prestatzen ari da, lehorteak eragindako eremuak hondamendi naturala jasan dutenen pare jartzeko, baina maiatzaren 16ra arte ez dute zirriborrorik ere izango. Europako Batzordeari aldiz, eskatu diote  ez ohiko krisietarako laguntzak aktibatu ditzala.

"Ari zaizkigu esaten Andaluzian animaliak jadanik gosez eta egarriz hiltzen ari direla. Ez dago ezer, eta dagoen apur hori oso garesti saltzen da"
(Fermin Gorraiz, EHNE)

Lastoa biomasarako ez, ganadua elikatzeko

Lehortearen mahaia bildu ostean, nekazal sindikatu nagusiek, euren kezka azaldu dute egoera dela-eta, eta laguntzak fiskalak eskatu dituzte, PFEZ zergan murrizketak edo salbuespenak egiteko, besteak beste.

Horrez gain, UAGN sindikatuko ordezkari Felix Bariainek proposatu du gaur egun biomasa bezala erretzeko erabiltzen den gari eta garagar lastoa ganadua elikatzeko erabiltzea.

Nafarroako EHNEko Fermin Gorraizek bat egin du eskaera horrekin: "Ari zaizkigu esaten Andaluzian animaliak jadanik gosez eta egarriz hiltzen ari direla. Ez dago ezer, eta dagoen apur hori oso garesti saltzen da", esan du, EiTBk jaso duenez.

Biomasa erabiltzen duten hainbat azpiegitura dago Nafarroan. Azken hamarkadan %26 egin du gora erregai mota horrek –bereziki 2021ean energia krisia gehiago nabaritzen hasi zenetik–. Azpiegitura horietako askotan, egurraz gain, zerealen lastoa ere erabiltzen dute. Accionak Zangontzan duen plantak, adibidez, urtean 160.000 tona zereal-lasto kontsumitzen du, bere webgunean irakurri daitekeenez.