Eragin Bilboko gazte prekarizatuen asanbladak Last Tour enpresak antolatzen dituen jaialdietan izan ohi diren lan baldintza txarrez ohartarazi du. Asanbladak berak jakinarazi duenez, enpresak salaketarekin mehatxatu ditu.
Egun gutxiren buruan, uztailaren 11tik 13ra, urtero legez Bilbon egingo da BBK Live jaialdia. Beste hainbat jaialdi bezala, berau ere Last Tour enpresak antolatzen duenez, Eraginek kanpaina bat jarri zuen martxan enpresaren eskumenekoak diren jaialdietan langileek izaten dituzten lan baldintza txarrak ezagutzera emanez. Asanbladak jakinarazi duenez, BBK Live jaialdian lan egin izan duten hainbat pertsonaren mezuak jaso dituzte posta elektronikoan, lan baldintza “penagarriak” salatuz. Eraginek gogorarazi du hizpide den enpresak 1.400.000 euro jasotzen dituela Bilboko Udalaren partetik BBK Live jaialdia ospatzeko.
“Last Tour urduri jarri dela dirudi”, adierazi du Eraginek Twitter bidez astelehenean, eta enpresak mehatxatu dituela salatu: “Last Tour-ek, egin ditugun argitalpenak ezabatu ezean, bere ‘ohorearen kontra atentatzeagatik’ eta bere irudia erabili izanagatik salatuko gaituela esanez mehatxatu gaitu”. Mehatxuaren aurrean, egindako argitalpenak ezabatu ditu Eraginek, baina prekarietatea salatzen jarraituko dutela azpimarratu.