argia.eus
INPRIMATU
Laschet, Angela Merkelen CDU alderdiko presidente berria
  • Angela Merkel Alemaniako kantzilerraren alderdiak, Batasun Kristau-Demokratak (CDU), Armin Laschet aukeratu du alderdiaren buru izateko. Laschetek Norbert Röttgen eta Friedrich Merz hautagaiak izan ditu aurrean.

ARGIA @argia 2021eko urtarrilaren 18a
Armin Laschet CDU alderdiko buru berria. Argazkia: CDUren twiterretik hartua (Tobias Koch).

2018an, CDU Batasun Kristau-Demokrata alderdiko buruzagi izaten jarraitzeari uko egin zion Angela Merkelen konfiantzako Annegret Kramp-Karrenbauer-ek. Horrenbestez, larunbatean, urtarrilaren 16an, alderdiaren timoia hartzeko hautagaiak lehian izan ziren: Armin Laschet, Norbert Röttgen eta Friedrich Merz. Armin Laschet, Ipar Renania-Westfaliako landerraren presidentea nagusitu da. 

Laschet, hiru hautagaien artean Merkelen ildoa ordezkatzen duen kidea da. Bigarren itzulian nagusitu zaio Friedrich Merz eskuindarrari. Hirugarren hautagaia, Norbert Röttgen zentrista, kanpoan geratu zen lehen itzulian. Alderdiak dituen 1.001 ordezkarietatik Laschetek 521 boto lortu ditu eta 466 Merzek.  

Alderdiko buru izendatuak irailaren 26ko hauteskunde orokorretan Angela Merkelen tokia har dezake. Ez da hautagai segurua, izan ere, CDUk koalizio kidea du, Bavierako CSU Batasun Sozial Kristaua, eta elkarrekin adostu beharko dute hauteskundeetarako nor aurkeztu. Koalizio kideak ez du oraindik bere hautagaia ezagutarazi.

Xuban Zubiria ARGIAko blogariak analisi mamitsua idatzi zuen bozketa bezperan. Hautagaien nondik norakoak azaltzeaz gain, alderdiaren buru berriak Europan izan dezakeen pisu politikoaz aritu da, Angela Merkelen tokia hartu eta Alemaniako kantzilerra izan baitaiteke. Hemen duzue artikulua: Europaren etorkizuna CDU alderdiaren buruzagi berriak baldintzatuko du. Merkel badoa, eta orain zer?