argia.eus
INPRIMATU
Lasarten larunbatean manifestazioa “Bilketa eraginkorra bai, errausketarik ez!” aldarrikatzeko
  • Lasarte-Orian Aire Garbia plataformak dei egin die herritarrei larunbatean, maiatzak 11, manifestaziora irten daitezen aldarrikapen bikoitz honen inguruan: "Bilketa eraginkorra bai, errausketarik ez!". Protesta arratsaldeko 18:00-etan abiatuko da Okendo plazatik.

Zero Zabor @zero_zabor 2019ko maiatzaren 09a

Karriketan Lasarte-Orian Aire Garbiak ipinitako afixek salatzen dutenez, Lasarte-Oria "hondakinen birziklapenaren azken bagoian" geratu da. 2011-2015 legealdian ez beste guztietan PSEk gobernatu duen udalak hitzez bederen ezezkoa eman arren herritik oso hurbil eraikitzen ari diren Zubietako erraustegiari, hura beharrezkoa izan ez dadin urrats gutxi eman ditu, Gipuzkoan hondakin bilketan okerren ari diren herrien artean geldituz: gaikako bilketan %46ko tasa ez du gainditu eta iaz bertan pertsonako 228 kg zabor nahasi bota zuen. Bitartean, Gipuzkoako udalerri asko aspalditik ari dira %70 eta are %80ko bilketa tasetan eta pertsonako/urteko 100 kg zabor nahasi baino gutxiago sortzen.

Sarritan errepikatu denez, Gipuzkoa osora zabalduz gero ondo ari diren udalerrien gaikako bilketaren emaitzak, lurraldeak ez lituzke urtean 70.000 tona zabor nahasi baino sortuko... oso urrun Zubietan eraikitzen ari diren erraustegiak piztuta mantentzeko beharko dituen 200.000 tonetatik. Horregatik, "Lasarte-Oria erraustegirako beharrezko diren herrien artean dagoelako" deitu du manifestazioa Lasarte-Orian Aire Garbiak, Errausketaren Aurkako Mugimenduaren kide denak. Larunbatean izango da, arratsaldeko 18:00etan hasita.