argia.eus
INPRIMATU
Lasarte-Oriako Udalak Elebeltzeko jarduna eteteko egindako presioa salatu dute
  • Elebeltzen aldeko plataformak adierazi du zentroaren jarduna geldiarazi eta okupazio mugimendua kriminalizatzen saiatu dela Lasarte-Oriako Udala. Alkatetza berria egiten ari den presioa ez dela eraso isolatua salatu dute, herri mugimenduaren aurkako estrategiaren parte baizik.

Asier Arrate Iruskieta @AsierArrate 2016ko urtarrilaren 22a
Elebeltzen Aldeko Plataforma: "Alkatearen mehatxu hau argi eta garbi erabaki politiko baten ondorio da".

Plataformako kideek azaldu dutenez, aurreko astean herritar batek alkatetzak argitaratutako dekretu baten bidez mehatxuak eta presioak jaso zituen. Elebeltzen kontrako neurriak hartzeko presioa eraginez lokaleko jabeari ere mehatxu egin zitzaiola gaineratu dute. Salatu dute inolako bermerik gabeko prozedura izan dela: “Oinarri eta ondorio juridikoak zehazten ez dituena, eta beraz, defentsa gabeko prozedura bat”. Bestalde, herritarra juridikoki inplikatzeko herriko aldizkaria erabili izana ere kritikatu dute.

Alkateak Elebeltzen ateak itxita ikusi nahi dituela, eta erantzun bateratua ematera deitu dituzte herritarrak. Elebeltzeko kideei eta mehatxuak jaso dituzten herritarrei euren babesa eta laguntza osoa eskaini diete plataformako kideek. Abiatutako prozeduraren aurkako helegitea aurkeztuko dute udaletxean eta Elebeltzeri babesa adierazteko mozioa osoko bilkuran. Arartekoan salaketa jarriko dutela ere azaldu dute.

“Alkatetzaren eraso honen izaera politikoa eta eman diren irregulartasun guztiak azaleratu eta argi eta ozen adierazi nahi dugu ez dituztela gure ahotsak isilduko. Elebeltzi eta bertako kideei babes osoa adierazten diegu herria kolorez janzten jarrai dezaten nahi dugulako”, adierazi dute plataformako kideek.

- Elebeltzen aldeko plataformaren komunikatua (pdf)