argia.eus
INPRIMATU
"Harresi guztien gainetik"
Lasarteko preso politikoen hitzak herrira ekartzen dituen emanaldia abenduaren 30ean izango da

ARGIA @argia 2017ko abenduaren 21a

Harresi guztien gainetik, sarraila guztien azpitik izenburua darama Lasarten urterokoa bihurtu den emanaldiak, eta aurtengoa VIII.a izango da. Antolatzaileetako batek azaldu digunez, presoen hitzak herrira ekartzea du ekimen honek helburu, kultura izanik lokarri. Egun lau preso politiko ditu Lasartek: Aitzol Iriondo, Xanti Arrospide, Jabi Gallaga eta Ibon Fernandez. Hauen eskutitz, audio eta sormen lanak izango dira ikus-entzungai abenduaren 30ean, 19:30ean, Lasarte-Oriako Kultur Etxean. Bi preso politiko gutxiagoren hitzak taularatuko dituzte Lasarteko herritarrek aurtengo emanaldian, Rafa Diez eta Pello Eskisabel aurten atera baitira kalera.

Aurtengo kolaborazio bereziak

Antolatzaile honek azaldu digunez, Aitzol Iriondok idatzitako antzerki gidoia izango da oinarria, eta Iriondok urtero lotzen ditu Lasartez kanpoko preso politikoen kolaborazio bereziak. Aurten, Mikel Antzaren mikropoesiak eta Itziar Morenoren poesiak ere taularatuko dituzte. Lasarteko herritarrak dira emanaldia egiten dutenak, batzuek antzerkia eginez, besteek dantza, musika joz, irakurriz...