argia.eus
INPRIMATU
Lasaigabetasuna

Aritz Galarraga @aritzgalarraga 2020ko apirilaren 06a

Hasierako euforia pasata, iritsi dira egokitzapena, errutina, aspermena. Kartzelan egon direnek diote, lehen astean luze idatziko luketela egoera berriaz, adibidez nobela bat; bigarren astean idatziko luketela zer edo zer, jada ez hain luze, akaso ipuin bat –eta ez dut inolaz ere hierarkizazio literario bat ezarri nahi, genero baten eta bestearen ohiko luzerari soilik egiten diot erreferentzia–; hirugarren astetik aurrera lerro batzuk baino ez lituzkete idatziko, hitz gutxi batzuk, zergatik ez aforismo bat –eta hemen bai aforismoen kontra ari naiz, hain iruditzen zaizkit ponposoak, ez esateagatik absolutistak–. Preso gauzkaten honetan ere, prozesu bera ez ote dugun bizi: kosta egiten zait adi egotea, pantaila batetik bestera saltoka nabil etengabe, ezer egin ez eta nekatzen naiz. Begiak urtsu. Desagertzen ez den burukomin puntu bat. Beldurra? Agian bai. Baina ez beldur berri bat, birusak ekarria; izatekotan, aurretik ere hamaika aldiz sentitutako beldurraren gisako beldur bat da. Betikoa, ohikoa, egunerokoa.

Eta halako batean iristen zaizu argi amini bat, norbaitek hitzak jartzen dizkio zuk sentitzen duzunari, sentitu eta hitzez adierazi ezin duzunari, igotzen zaitu putzu bateko ontzia bazina bezala, ur freskagarriz betea. Adele Van Reeth filosofoak testutxo bat atera du Gallimard etxearekin, zeinean mintzo den eguneroko bizitzak sortzen digun ezinegonaz, norbere buruarekin luzaz egotearen zailtasunaz, dena ustez ondo doanean ere alfonbra azpian ezkutatzen den mamuaz, egunen eta gauen errepikapen saihetsezinak sortzen duen akidura mugagabeaz. Eta jartzen dio izena egoerari: urduritasuna, artegatasuna, zehatzago lasaigabetasuna. Ironia gorena: aparteko gertaera bat gertatu behar izan da –mundu mailako pandemia bat– eguneroko bizitzaren arazoa aurrez aurre ikusteko.