argia.eus
INPRIMATU
Lasa eta Zabala, poesiaren bidez oroituak Tolosan
  • Lasa eta Zabalaren erailketen 30. urteurrenaren harira, Kareak erre ez duena poesia emanaldia eskainiko dute hainbat sortzailek Tolosan, hilaren 11n.

Saioa Alkaiza Guallar @SaioaAlkaiza 2013ko urriaren 03a
Unai Iturriagak emanaldirako sortutako afixa

Urriaren 15ean, 30 urte beteko dira GAL erakundeak Jose Inazio Zabala eta Joxe Antonio Lasa bahitu, torturatu eta erail zituenetik. Horregatik, Lasa eta Zabala gogora ekartzeko, poesian oinarritutako ikuskizuna prestatu dute Tolosako Leidor aretoan, urriaren 11n, ostiralarekin.

Kareak erre ez duena obra zulo baten bilaketarekin hasiko da; hori izango da ikuskizunaren abiapuntua. Izan ere, orain 30 urte, GALek Lasa eta Zabala akabatu ostean, lurperatu eta kare biziz bete zuen hobia.

Hainbat arlotako sortzaileek hartuko dute parte: Harkaitz Cano, Koldo Izagirre, Jose Luis Otamendi eta Josu Landa idazleek; Karlos Osinaga eta Javi Manterola Lisabö taldeko musikariek; Koldo Almandoz zinemagileak; eta Asier Zabaleta dantzariak. Horiez gain, Pili Zabala, Jose Inazio Zabala zenaren arreba, ere bertan izango da.

Emanaldian, poesia, bideoa, musika, kantua eta dantza uztartuko dituzte .

Sarrerak egunean bertan erosi ahalko dira, 10 eurotan.