Larunbatean Donostian antolatutako mosaikoarekin Munduko Guinness errekorra gainditu nahi du Gure Esku Dagok.
5.000 pertsonatik gora bildu nahi dituzte Kataluniako prozesuari babesa adierazi eta Euskal Herriko erabakitzeko eskubidearen alde. Egun, aterkiekin egindako mosaikorik handienak 2.170 partehartzaile zituen eta Jakartan egin zuten, Indonesian, 2012ko abuztuan. Philips bonbilen iragarkia izan zen.
Kataluniako kontsultari babesa adierazi dio Gure Esku Dagok eta bezperan egingo da ekimena, "guk ere erabakitzeko eskubidea noizbait egikaritzeko lanean ari garela adierazteko".
Gure Esku Dagotik adierazi dute beren buruari jarri zioten 5.000 pertsonako erronka "gainditzear" daudela, eta teknikoki jende gehiagok parte hartzeko egokituko dutela mosaikoa. Izena eman gabeko jendeari ere Zurriolara gerturatzeko deia egin diete.
Igandean ekimen gehiago
Herrietako batzordeek ekimen ugari antolatu dituzte. GEDtik adierazi dutenez, hainbatek Behobia-Donostia lasterketaren ibilbidea koloreztatuko dute aterkiekin.