argia.eus
INPRIMATU
Larunbateko manifestaziora joateko 250-275 autobus antolatuko direla aurreikusi du Sarek, iaz baino %15 gehiago
  • Giza eskubideak, konponbidea eta bakearen alde mobilizatu nahi du Sarek euskal jendartea urtarrilaren 14an, “aurtengoa urte bat gehiago baino, urte bat gutxiago izan dadin”.

Ainhoa Bretos @ob_ainhoa 2017ko urtarrilaren 11

2016ko urtarrileko manifestazio jendetsuaren ostean, euskal presoen eskubideen egoera ez dela aldatu azaldu du Sarek. Dispertsioak bere horretan jarraitzen du, eta larriki gaixo dauden presoen kopuruak gora egin du. Hori dela eta, urtarrilaren 14a inflexio puntua izatea nahi dute, “auzi honek behar duen azken bultzada”.

Azaldu duenez, 250-275 autobus inguru daude aurreikusita Euskal Herriko eta kanpoko hainbat puntutatik, aurreko urtean baino %15 gehiago. Horrez gain, milaka lagunek garraio publikoa erabiliko dutenez, dagozkien arduradunei zerbitzu publikoen indartzea eskatu die Sarek.   

Antolaketarako 700 bat boluntario behar direla ere azaldu dute, eta edonork lagundu dezakeela horretan, Sareren webgunean izena emanda. Manifestazioaz gain, goizean zehar hainbat ekimen egingo dituzte Bilboko Alde Zaharrean: txistulariak, bertsolariak eta trikitilariak, besteak beste.

Informazio puntuak ere egongo dira, eta 11:00etan eguneko lehenengo adierazpenak egingo dituzte, euririk egin ezean Zamudioko Atea kalean, eta bestela Plaza Berrian. Manifestazioa  17:30ean abiatuko da, Bilboko La Casilla plazatik.